Zarautz Abesbatzaren maitasun doinuek alaitu dute Merkatu Plaza

Julene Sorarrain 2025ko ots. 22a, 14:00

Ostiral arratsaldean ekaini zuen abesbatzak urteroko Maitasun Kontzertua Merkatu Plazako lehenengo solairuan. Bertaratu zirenek makina bat abesti entzun ahal izan zituzten, euskaraz zein beste hainbat hizkuntzatan.

Hainbat herritar gerturatu ziren atzo arratsaldean Merkatu Plazara urteroko Zarautz Abesbatzaren Maitasun Kontzertua entzutera. Aurtengoan 11 abestiz osatutako errezitaldia eskaini zuten, Jaione Eskudero abesbatzako zuzendariak gidatuta. Antxon Sarasua, aldiz, teklatuarekin laguntzen aritu zen.

Maitia nun zira abestiarekin eman zioten hasiera emanaldiari, eta jarraian zenbait klasiko ere entzun ziren, Rossignolet gentil, Jardin bat zuretzat edota Cyndi oi Cyndi, besteak beste. 

Kontzertuan zehar hunkitutako asko ikusi ahal izan ziren entzuleen artean, baita beste hainbat albokoari besarkatuz kantatzen ere. Gainera, herritarrek abesbatzarekin batera abestu ahal izan zituzten pare bat kanta, hala nola Juan Inazio Iztuetaren Kontxexiri eta Anje Duhalderen Maitasun aroak

Bestalde, merkatuko lehen solairutik ez ezik, beste hainbat herritar elkartu ziren kontzertua beheko solairutik entzutera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide