Neguaren etorrerarekin batera, Zarauzko Udaleko Ingurumen sailak martxan jarri du Bertatik bertara eta garaian garaikoa kanpaina. Egitasmoaren helburuak dira kontsumo jasangarriko ohiturak sustatzea eta bertako ekoizleak babestea. Horretarako, udalarentzat funtsezkotzak dira lehen sektorea, eta bereziki ekoizpen ekologikoa, jasangarritasuna bultzatzeko.
Kanpaina lau fasetan banatu dute, urtaro bakoitzaren arabera, eta orain neguko kanpainaren txanda iritsi da. Guztira bost panel jarri dituzte udalerriko hainbat gunetan, sasoiko bost produkturen argazkiekin, kanpainaren leloarekin eta sustatu nahi dituzten kontzeptuekin, hala nola osasungarria, jasangarria eta tokiko ekoizpenarekin konprometitua.
Gainera, fase bakoitzean, udalerriko nekazaritza-ustiategietan egindako bideo bat ikusi ahal izango da Guka Telebistan, eta beste laburrago batzuk, sare sozialetan.
Ingurumen zinegotzi Inaxio Illarramendik nabarmendu duenez, "txanda honetan, batetik Alba Aristi izan dugu, Basobeltz baserriko ustiategia erakusteko eta, bestetik, Garikoitz Arruabarrena, Masta jatetxeko sukaldaria, bertatik bertara eta garaian garaiko produktuekin duen esperientzia partekatzeko. Zorte handia dugu horrelako aukerak herrian bertan izateagatik. Herritarrak animatzen ditugu sasoiko eta tokiko produktuak kontsumitzera”.