Inauteriak 2025

Jorge Ignacio Davilak irabazi du inauterietako kartel lehiaketa

Intza Trula 2025ko ots. 21a, 15:30

Inauterietako kartel lehiaketako irabazleak eta Euskalduna tabernako jabeak Koxme balearekin, tabernaren atarian, gaur. (Intza Trula)

Inauterietako egitaraua aurkeztu dute eguerdian Euskalduna tabernan, eta ekitaldia baliatu dute lehiaketako sariak banatzeko. Bigarren lanik onena Alberto Martinezentzat izan da, eta publikoaren saria Irantzu Barrondok irabazi du.

Inauterietako kartel lehiaketara aurkeztu diren lan guztien artean Jorge Ignacio Davila zarauztarraren Gure Koxme lana izan da, epaimahaiaren iritziz, hoberena. Gaur eguerdian bildu dira hiru sarituak eta Koxme balea Euskalduna tabernan, sari banaketa ekitaldia egin, eta bide batez, datorren astean ospatuko diren inauterietako egitaraua aurkezteko.

Irabazleak, Davilak, 300 euro jaso ditu, eta bere irudia inauteriak iragartzeko karteletan eta eskuorrietan agertuko dira. Laugarren aldia da zarauztarrak lehiaketa hau irabazten duena.

Hamalau lan jaso ditu epaimahaiak, eta bigarren saria Alberto Martinez barakaldarraren Olatuen gainean zaldiz  lanari eman diote (100 euro). Martinezek ezin izan du gaurko ekitaldian egon, eta, beraz, Euskalduna tabernako jabe Felix Bordak eta Maria Angela Duantok jaso dute saria. Azkenik, publikoaren saria Hondarribiko Irantzu Barrondok jaso du, Txibiak dantzan lanarekin.

Aurtengo lehiaketako epaimahaia ondorengo lau pertsonek osatu dute: Felix Borda eta Maria Angela Dulanto Euskalduna tabernako ordezkariek, Lore Agirre Artezaleakeko ordezkariak eta Marisa Di Santo Argazkilari Elkarteko ordezkariak, hain zuzen ere.

Inauterietako festei dagokienez, otsailaren 28tik martxoaren 2ra arteko egitaraua prestatu du udalak. Hori hala, datorren asteburuan haur, gazte zein helduentzako jarduerak izango dira herriko hainbat txokotan; hala nola konpartsa, kalejirak, mozorro lehiaketak eta dantzaldiak.

Egitaraua:

Otsailak 28, ostirala

  • 18:45. Kalejira herrian barrena: Galtxagorriren jaitsiera, Jalgi dantza taldearen, Zarautz Trik taldearen, Goizeko Ihintza txistularien eta Zarakatun batukadaren eskutik.

Martxoak 1, larunbata

  • 12:00. Txupinazioa, Koxme balearen eskutik, Mauxitxa txarangak girotuta, Modelo aretoko balkoitik.
  • 12:30. Mozorro lehiaketan parte hartzen duten taldeen kalejira, Mauxitxa txarangarekin (aldez aurretik izena eman behar da Turismo Bulegoan), Musika Plazan.
  • 13:00. Mozorro lehiaketaren sari banaketa, Musika Plazan.
  • Ondoren, Mauxitxa txarangak herriko kaleak alaituko ditu.
  • 17:00. Gazteen topaketa: askaria egingo dute lehendabizi, eta konpartsa ikustera joango dira ondoren, Zinema pilotalekuan.
  • 17:30. Inauterietako VIII. Konpartsa: 80ko hamarkado rocka, Alde Zaharrean barrena. (Euria egingo balu igandera, 13:00etara, pasako lukete).
  • 19:30. Dantzaldia Fun&Go taldearekin, Musika Plazan.
  • 21:00-00:00. Disko-festa DJ Bon-ekin.
  • 23:00. Dantzaldia Fun&Go taldearekin.

Martxoak 2, igandea

  • 12:00. Kalejira herriko kaleetan barrena erraldoi, buruhandi eta Ustekabe txarangarekin.
  • 17:00. Kuku, Truko eta Bolenwaider pailazoen ikuskizuna haurrentzat, Musika Plazan. (Euria egingo balu Zinema pilotalekuan egingo lukete).
  • 18:00. Disko-festa nerabeentzat, Dantzatzeko Prest taldearekin, Lege Zaharren Enparantzan.

Horrez aparte, inauterietako kartel lehiaketara aurkeztu diren lan guztien erakusketa ere prestatu dute, eta Euskalduna tabernan egongo da ikusgai.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide