Musika eskolako 23 gaztek parte hartuko dute Piano Topaketan

Aritz Mutiozabal 2025ko ots. 21a, 11:30

Piano emanaldia musika eskolan. (Guka)

Bihar izango da ekitaldia, egun osoan, Elgoibarko Inazio Bereziartua Musika Eskolako aretoan.

Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak (EHME) eta bere barnean dauden musika eskolek eta piano irakasleek antolatuta, Piano Topaketa antolatu dute beste urte batez. Bihar izango da egun osoan, 10:00etan hasi eta 17:00 arte, Elgoibarko Inazio Bereziartua Musika Eskolako aretoan. Zarauzko Imanol Urbieta Udal Musika Eskolako piano jotzaileak bertan izango dira aurten.               

Guztira, 122 piano jotzailek hartuko dute parte; Elgoibar, Orio eta Zestoako ikasleak, besteak beste. Zarauztik Laura Bilbao irakaslearekin ikasten duten 23 gaztek parte hartuko dute topaketan eta estilo ezberdinetako obrak interpretatuko dituzte. Bertan parte hartzea librea da eta adin guztietako pianistei zuzenduta dago. Gainera, sarrera doako izango da entzuleentzat.

Hiru maila eta modalitate bereiziko dituzte adinaren arabera: A maila, 11 urte artekoak, bakarlari eta lau eskutara modalitatean; B maila, 14 urte artekoak, bakarlari eta lau eskutara modalitatean; eta C maila, 14 urte gorakoentzat, bakarlari eta lau eskutara modalitatean. Parte hartzaile guztiek diploma bana jasoko dute topaketa amaieran.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide