Alaitz Ochoa de Eriberen erreportaje batek jaso du Gerda Taro Kazetaritza Saria

Julene Sorarrain 2025ko ots. 20a, 11:30

'Teknopolis' saioko lantaldea. (ETB)

Kazetari zarauztarrak eta Jon Larrañaga azpeitiarrak ETBko Teknopolis saiorako egindako erreportajea saritu dute. Lanak zientziaren arloan ikerkuntzan lan egiten duten emakumeek egun bizi duten egoera eta dituzten zailtasunak aztertu ditu. Nagore Rementeria Orioko bizilaguna da saioaren zuzendarietako bat.

Teknopolis saioko Emakumeak erakartzeko, zientzia aldatu erreportajeak genero berdintasunaren aldeko Gerda Taro Kazetaritza Saria jaso du, Guadalajarako Prentsa Elkartearen eskutik. ETB katean igortzen duten saioa Alaitz Ochoa de Eribe zarauztarrak eta Nagore Rementeria Orioko bizilagunak zuzentzen dute, eta erreportajea egiterakoan lagun izan du Eribek Jon Larrañaga kazetari azpeitiarra.

Saritutako lanak zientziaren arloan ikerkuntzan lan egiten duten emakumeek egun bizi duten egoera eta dituzten zailtasunak aztertu ditu. Horretarako, enpresa zein unibertsitate arloan diharduten hainbat zientzialari eta ikertzaile elkarrizketatu dituzte.

“Guk genero berdintasuna aspalditik dugu barneratuta gure eguneroko gaien trataeran. Urtero egiten dugu programaren bat emakumeek zientzian, ikerkuntzan edo medikuntzan duten lekua aztertzen duena", azaldu du Rementeriak. Garai batean Martxoaren 8ko egunaren harira egiten zituzten programa berezi hauek, baina otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izendu zutenetik, emakume zientzialarien inguruko bereziak egun horretara mugitu zituzten: "Oso goxo eta bereziki zainduta lantzen ditugun programak dira. Sari hau jaso izana lana ondo egin dugunaren seinale da".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide