Zarauzko historiaren elkartea sortzeko bilera izango da bihar

Aritz Mutiozabal 2025ko ots. 20a, 09:00

Belauntzaran plazatxoa, 1904ko argazkian. (Udal Argazki Artxiboa)

Abenduan egin zuten lehenengo saioa, eta ostiralekoa bigarrena izango dute. Vista Alegreko auzo elkartearen lokalean batzartuko dira, 18:00etatik aurrera.

Zarauztar talde batek, herriaren "azken urteotako bilakaera frenetikoa hobeto ulertzeko eta egungo egoera modu egokian interpretatzeko" beharra ikusirik, bilera irekia egin zuen iazko abenduan Antoniano aretoan, historiari, etnografiari eta ondareari lotutako elkarte bat sortzeko helburuarekin. Bihar, ildo berarekin, bigarren bilera egingo dute; oraingo honetan, ordea, Vista Alegreko auzo elkartearen lokalean izango da, 18:00etan hasita. 

Estreinako saioan, Zarauzko historiaz eta ondareaz interesa duten 35 pertsona elkartu ziren, eta beste hainbat lagunek, bilerara etortzerik izan ez bazuten ere, "jakin-min berezia" agertu zuten. Gai ugari izan zituzten hizpide: herriko historia aztertzeko dagoen premia, ikertutako kontuei zabalkundea ematearen garrantzia, ondare materiala eta immateriala jasotzeko beharra... Eta amaieran, helburu horiek lortzeko elkarte gisa eratu beharko luketela adostu zuten.

Hori horrela, lehen bilera deitu zuen talde eragilea prest agertu zen elkartea sortzeko lehenengo pausoak emateko. Harrezkero, mezu eta dei pila bat elkartrukatu dituzte beren artean, eta duela bi aste, hilaren 7an, aurrez aurreko bilera bat egin zuten Arralde Txiki elkarte gastronomikoan. Horretaz aparte, Zarauzko Udalarekin eta Elkarteen Erregistro Orokorrarekin ere harremanetan jarri dira, eta, ondorioz, tramiteak aurreratuta dituzte.

Orain, bigarren bilera egingo dute egitasmoarekin jarraitzeko. Bertan, orain arteko kudeaketaren berri emango dute, eta elkartea sortzearen nondik norakoak azalduko dituzte. "Zenbat eta talde zabalagoa izan, egingarriagoa izango da aurretik dugun bidea. Ikuspegi eta ikuspuntu desberdinek aberastuko dute gure martxa. Gazteak eta gazteak izandakoak, goazen elkarrekin herriaren iragana ezagutzera eta ezagutaraztera. Ikertu dezagun gure historia, eta batu ditzagun lehengoen esanak, irudiak eta istorioak. Horrela bakarrik hasiko gara gure ondarea kontuan hartzen, maitatzen eta zaintzen", nabarmendu du talde eragileak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide