Sertx: "Urrats bat aurrera egitean artistaren lana gailentzen da"

Aritz Mutiozabal 2025eko otsailaren 19a

Sertx bakarlaria (utzitakoa)

Sergio Ruiz Gonzalez-Txabarri Sertx bakarlariak (Zarautz, 1975) Kantu madarikatuak bildu ditu disko bikoitzean. Doinueran lan bakoitza ezberdina den arren, abesti guztien abiapuntua mina da.

Kantu madarikatuak izenburupean aurkeztu dituzu disko berriak. Horrenbeste madarikatzen al dituzu, bada?

Bada, bai. Normalean, grabazio osoa amaitu ondoren jartzen diot izenburua diskoari, eta ideia batzuk baneuzkan buruan, baina Kantu madarikatuak behin eta berriz agertzen zitzaidan bueltaka. Nik uste dut lana oso ondo islatzen duen izenburua dela. Izan ere, guztia izan da madarikatua, bai kantuak sortzean edo jorratzean sentitu dudana, bai grabazio prozesua luzatzeak eragindako ezinegona. Diskoaren lehen atala berehala grabatu nuen arren, bigarrenarekin ia urtebete pasatu nuen. Beraz, bi kontzeptu horiek kontuan hartuta, Kantu madarikatuak hitz joko polita zela iruditu zitzaidan.

Ezustekoa izan da zure hirugarren lana izenburu bereko bi disko edo disko bikoitza izatea. Baina zuk zeuk nola aurkezten duzu?

Batzuek esan didate Kantu madarikatuak 1 disko baten A aldea dela, eta Kantu madarikatuak 2, berriz, B aldea. Definizio hori gustatu zitzaidan, benetan. Egia da bata errazago barneratzen dela lehen entzunalditik, baina iruditzen zait bigarrenak gehiago iraungo duela denboran. Gainera, bi ekoizlerekin lan egin dut disko bakoitzean, lan bakoitza elkarrengandik bereizteko. Abesti guztiak disko bakar batean barnebildu nitzakeen, baina bitan banatzearekin tematu nintzen, eta kito. Erabaki zuzena ala okerra izan, uste dut gauza ezberdinak egitea ez dagoela gaizki.

Hasieratik al zeneukan garbi zure bi alderdiak erakutsi nahi zenituela? Alegia, bigarrenak esperimentaziora joko zuela?

Hala da, bai. Berez, kantu guztiak nahi nituen esperimentazioaren aldetik bideratu, baina ikusita lankidetzan ari nintzen pertsona [Josu Montero ekoizlea] oso lanpetuta zebilela eta ahal genuen uneetan heltzen geniola proiektuari, prozesu guztia asko luzatu zitzaigun. Ikusirik bost kantu egiteko horrenbeste denbora pasatu zela, eta beste hamar nituela prest, arre ala so egitea erabaki nuen. Hasiera batean, gainera, hiru disko kaleratzea zen nire asmoa, baina azkenean birekin nahikoa zela ebatzi nuen; Eraso! taldearekin ere buru-belarri nabil zuzenekoetan, eta, egia esan, ez neukan behar adina denbora. Beraz, hirugarren disko hori aurreragorako utziko dut.

Momentuz, erdibidean geratu naiz; esperimentatzeari ekin diot, eta hori da niretzako garrantzitsuena. Hirugarren diskoa guztiz ezberdina izatea nahiko nuke, gauza diferenteak uztartuta. Kantu madarikatuak 1 da nire bakarlari ibilbideko lehen bi diskoetara –Enarak itzuli dira (2019) eta Leihotik mundura (2021)– gehien hurbiltzen dena, eta Kantu madarikatuak 2 gauza berriak bilatzeko ariketa bat izan da, jakin gabe nora iritsiko nintzen. Nire konfort egoeratik atera nahi izan dut, eta uste dut urrats bat aurrera egitean gailendu egiten dela artista baten lana.

Zuk betidanik izan duzu gauza berriak egiteko interesa, dela Eraso! taldearekin, dela Osso proiektuan.

Txinparta hori galtzen denean, artista bera hiltzen da. Beharrezkoa duzu beti husten zaituen lan bat egitea, barruan daramazun sorkuntza maila handi horri exijitzea eta zure baitako gauza horiek guztiak kanporatzea. Horrela handitzen da artista bat, eta horrela jarraitzen du hark bere bidea urratzen. Azken batean, esperimentazioa lanketa ezberdina da. Jakin banekien zer ez nuen egin nahi, baina ez nekien zer aterako zen. Gisa horretan jolastuz, esperimentazioaren joera hori jorratu dut. Beharbada, kasu askotan pasatu egin ginen, eta zentzu horretan, jaitsi egin behar izan nuen, gehiegizkoa zelako. Baina, tira, hirugarrenean, hirugarrengorik bada, bide hori har dezaket. Edonola ere, kontziente naiz ate berri bat ireki dudala, eta nahi dut ikasi nola jorratu eta egin hau guztia.

"Barruko mina arintzeko terapia bezala erabili ditut abestiak"



Disko ezberdina izanagatik, ez du galdu zure esentzia.

Bai, nire kutsua hor dago. Beharbada, esperimentazioko lanketa horretan oraindik bilatzeke dut nire bidea, baina gertu nabil. Azkenean, zintzotasun ariketa baten moduan aurkezten dut: poro guztietatik onesta da, eta hori argi daukat.

Pixkanaka datorren eraldaketa bat dela esan al daiteke?

Begira, eraldaketa hitza gustatzen zait. Hori horrela, kantuak inperfektuak direnez, inperfekzio horretan murgilduta, ahalik eta perfektuenak egiten saiatu naiz. Horrek guztiak lan handia eskatzen du, eta, batez ere, hitzen melodiak eta ahotsak izan dira gehien landu ditudanak; izan ere, bizpahiru ahots tonu daude sartuta kantu horietan.

Abesti guztiak zuk idatzitakoak dira, bat salbu; Gari Berasaluzeren poema batean oinarrituta dago hori. Denek mina dute abiapuntu. Minetik hobeto kanporatzen al dira barruko korapiloak?

Baliteke. Askok esaten dute baietz, baina ez pentsa! Minetik ateratzen direnak kantu mingarriak izaten dira, ez baitago besterik. Minak ez dizu laguntzen, idazteko edukia baino ez dizu ematen. Nire kasuan, mina nuen eta min horretatik idatzi dut. Duela pare bat urte ekin nion idazteari, eta min horiek oraindik ez dira desagertu, baina orain kantuak entzuten ditudanean gogoratzen dut noiz eta zergatik idatzi nituen horrela. Barruko minak arintzeko terapia hutsa izan dira abestiak, edo horretarako erabili ditut.

Hortik ere badator Kantu madarikatuak?

Bai, bai. Madarikatuak hori ere bada, noski.

Bi estudio, bi ekoizle eta disko bikoitza. Lan egiteko modua ezberdina izango zen batean zein bestean, ezta?

Hamar kantuen hasiera berdina izan da: gitarra akustikoa, melodia eta hitzak. Hori landuta neukanean, Eñaut Gaztañaga ekoizlearekin abestiak jantzi egin nituen, eta nire aurreko bi diskoen ildoa eman nion Kantu madarikatuak 1 lanari. Bigarren lanean, Kantu madarikatuak 2-n, Josu Monterorekin aritu nintzen lankidetzan, eta kasu horretan, deseraiki egin genituen abestiak. Ohiko kantu egituraketatik kanpo, beste joko bat planteatzen zuen hark, esperimentazioari bide emanez; batzuetan gitarrak desagertarazteraino. Beraz, lan egiteko bi bide eta prozesu oso ezberdinak daude islatuta lan hauetan.

Orain, zuzenekoetan defendatzea tokatuko zaizu. Nola plazaratzeko asmoa duzu?

Ordenagailu antzerako aparatu bat erabiliko dut, non pistak modu soltean eramateko aukera emango didan. Horrela, gitarra jo eta kantuak abestu ditzaket; talde bat izango balitz bezala, baina guztia nire eskuaren boterearekin. Aukera dudala norbait gehitzeko, bada, perkusio jotzaileren batekin animatu naiteke, baina nire lehen ideia bakarlari gisa aritzea da. Pentsatzen dut udaberri aldera hasiko naizela zuzenekoekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide