Zuhaitz berriak landatu dituzte Lapurdi kalean

Intza Trula 2025ko ots. 19a, 09:30

Hainbat lorezain zuhaitzak landatzen, Lapurdi kaleko pasealekuan. (Zarauzko Udala)

Haltzak eta lizarrak landatu zituzten atzo lorezainek. Datozen egunetan, berriz, beste hainbat espezieetako zuhaitzekin osatuko dute Lapurdiko pasealekua.

Lapurdi kaleko pasealekua korridore ekologiko bihurtzeko bidean, zuhaitz berriak landatzen ari da Zarauzko Udala. Lorezaintza zerbitzuko langileek haltzak eta tamaina handiko lizarrak jarri dituzte, besteak beste. Egunotan lanean jarraituko dute beste hainbat espezieetako arbolak landatzeko.

Iñurritzako geraleku berriaren eta tren geltoki berriaren lanak amaituta, pasealekuan zuhaitzak landatzeko "une egokia" dela nabarmendu du Iban San Martin Parkeetako eta Lorategietako zinegotziak.

Haltzetan sarri topa daitezke tarinak eta karnabak, horien haziez elikatzen direnak. Lapurdi kalean zehar 40 haltza eta Japoniako hogei gereziondo landatuko dituzte; horren arrazoietako bat da hegaztien faunak hiri-bilbearen barruan babesteko eta elikatzeko lekua sortzea.

Halaber, zortzi astigar eta udareondo ere landatuko dituzte datozen egunetan eremu horretan. "Lapurdiko egungo astigarren ondoan zuhaizti aberatsa osatu arte", aditzera eman du udalak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide