Gaurtik hasi eta martxoaren 16ra bitartean, Josetxu Silgoren Eta, azken batean, hegan erakusketa egongo da ikusgai Zarauzko Photomuseumen ohiko ordutegian. Guztira, 31 argazkiz osatutako bilduma da, lau kapitulutan banatuta: itsasoa, uhartea, familia eta emakumea. Zehazki, Silgok 35 urtetan zehar ateratako argazki guztien aukeraketa bat da erakusketan jarri duena, 80ko hamarkadan argazki munduan sartu zenetik atera dituenak.
Argazkilariaren esanetan, hamarkada horren hasieran sartu zen lehenengo aldiz argazki laborategi batean Tenerifeko Santa Cruz ikastetxeko irakasle alemaniarra zen bere osaba Antoniorekin. Tacoronten (Tenerife, Espainia) igarotzen ziuen uda luzeetan, bere karreteak errebelatzen laguntzen zion, eta hor sortu zitzaion argazkilaritzarekiko jakin-mina. Hortik aurrera, 80ko hamarkadan eta 90eko hamarkadaren hasieran, argazki kamerarekin joaten zen alde guztietara, eta paisaiei, pertsonei nahiz ekitaldiei 5.000 argazki baino gehiago atera zizkien urte horietan guztietan.
Argazki negatibo horiek maleta batean gordeta eduki ditu urte hauetan, eta orain, 35 urte geroago, argitara ateratzea erabaki du. Eta horrela adierazi du autoreak: "Horietatik guztietatik, maiteen gordetzen ditudanak nire anai-arrebak eta ni, amarekin, Tenerifera oporretan familia ikustera joaten ginen udetan egin nituen argazkiak dira.
Azken urte eta erdi honetan, negatibo horiek guztiak editatu eta eskaneatu ditut, helburu zehatzik gabe, nora neraman ikusi nahian, neure artxiboa berrikustearen plazeragatik, besterik gabe".