Jalgi Dantza Taldea kalera irtengo da bosgarren urtez inauterietan Galtxagorrien Jaitsiera ospatzeko. Zehazki, otsailaren 28an izango da hitzordua, ostiralez, eta Zarakatun Batukadaren, Goizeko Ihintza txistulari taldearen eta Zarautz Trikeko musikarien laguntza izango dute.
18:45ean irtengo dira musika eskola aurretik, Kasino kaletik Gipuzkoa kalera joango dira jarraian, eta lehen geldialdia Frontoi Txikin egingo dute, bertan dantza batzuk egiteko. Jarraian, Kale Nagusira eta Musika Plazara iritsiko dira eta azkenik, Lege Zaharren Enparantzan egingo dute geldialdia. Antolatzaileek adierazi dutenez, ohi bezala akelarrea izango da bertan, eta herritarrek elkarrekin dantza egiteko aukera izango dute. Izan ere, aurten Jalgi Dantza Taldeak "herria dantzan jarri nahi du", eta herritar oro gonbidatu ditu Lege Zaharren Enparantzan beraiekin dantzara sartzera: fandangoa, arin-arina, hain ezaguna den "polka" eta kalejira egingo dituzte.
Jalgitarren kalejirak euskal mitologia du ardatz gisa. Mari jainkosa da kalejirako buru, Ama Lurraren irudikapena. Harekin batera joango dira Jentilak, leize sakonetan bizi diren herritar paganoak, erraldoiak eta indartsuak. Atzetik jarraituko diete Galtxagorriek, euskal iratxoak, izaki ttipiak eta langile porrokatuak. Aurten, gainera, mozorro berri bat ikusteko parada izango dute ikusleek: Gauargi, "gaueko argia, iratxo onbera, gizakion laguna. Gauean norbait ezlekuren batean galduta badabil etxerako bidea erakutsiko diona bere kriseiluaz". Lamiak jarraituko diete, erreka bazterrean bizi diren izaki ederrak. Azkenik, Sorginak, Natura ederki ezagutzen duten emakumeak, Akerbeltzekin batera irtengo dira, erdi gizaki erdi akerra den pertsonaiarekin. Aipatutakoaz gain, Jalgiko partaide diren helduak ere irtengo dira kalejirara, Mairuz mozorrotuta.