Beste asteburu batez, xake taldeko kideek euren partidak jokatu dituzte asteburuan zehar. Zehazki, seigarren jardunaldia eduki dute, baina emaitzak ez dira nahi bezalakoak izan, nahiz eta bi taldeen maila ona izan.
Preferente mailan 1-3ko emaitzarekin galdu zuten zarauztarrek elgoibartarren aurka. Zehazki, Jon Lertxundik hiru peoi gehiago izan zituen, eta bere aurkariak baino alfil bat gehiago. Lehia horretan aurkariak peoien erasoa gelditzea lortu zuen, eta horrenbestez, Lertxundik ez zuen punturik eskuratu. Daniela Veltek ere gogor eutsi zion amaierara arte, baina hori ez zen nahikoa izan puntua eskuratzeko. Iñaki Altzibarrek eta Jordi Figuerasek berdinketak erdietsi zituzten, eta beraiek eskuratu zituzten taldearentzako puntu bakarrak.
Bigarren mailan, kirolariek ez zuten punturik lortu Billabonako gazteen aurka. Berritasun gisa, baina, bi gaztek, Amets Eletak eta Nikolas Riestrak, debuta egin zuten, eta maila egokia erakutsi zuten arren, horiek ere ez zuten punturik lortu. Jon Altzibar eta Iñaki Buruntza izan ziren taldeko beste bi jokalariak, eta horiek ere amore eman behar izan zuten partida luze eta gogorrei aurre egin ostean. Datorren astean erabakiko da nor joango den igoera fasera eta nor jaitsiera fasera. Taldearen arabera, "edozer gauza gerta daiteke", bi ligetan talde asko baitaude puntu gutxiko aldearekin. A taldeak Zumaian jokatuko du eta B taldeak Andoainen.