Atzo eguerdian aurkeztu zuten Orioko Arraunetxen Oriaren 31. Traineru Jaitsiera Xabi Altuna Orio arraunketa elkarteko zuzendaritzako kideak, Anuska Esnal Orioko alkateak eta Jabier Etxarri Orialki enpresako ordezkariak – klubaren laguntzaile nagusia da enpresa hori–. Altunak jakinarazi du larunbatean 16:30ean hasiko direla erlojuaren kontrako estropadak, eta 77 ontzik parte hartuko dutela aurtengo hitzorduan; mila arraunlari ibiliko dira errioan, guztira.
Iazko edizioarekin alderatuta, hamar talde gutxiago izango dira aurten arraunlarien neguko lana testatzeko balio duen lehiaketara, eta senior gizonezkoetan, esaterako, Ondarroa eta Arkote izango dira Bizkaiko bakarrak. Horren arrazoia azaldu du Altunak: hiru traineru jaitsiera elkarren segidan jokatu dituzte –Portugaleteko Traineru Jaitsiera orain bi asteburu jokatu zuten azkenean, eguraldi txarragatik atzeratu beharra izan zutelako–, eta horregatik, traineru batzuek ez dute asteburu honetako hitzordua behar bezala prestatzeko denborarik izan.
Seniorrei begira
Ikusmin handia eragin ohi du Oriaren Jaitsierak, traineru denboraldia ekainean hasten delako, eta hiruzpalau hilabeteren faltan, senior mailako traineruak zer sasoitan dauden ikusteko balio duelako.
Gizonezko seniorretan hamabost traineruk parte hartuko dute jaitsieran, 17:40ean hasita, tartean eskualdeko guztiek –Orioko A eta B ontziek, Getariak, Zarautzek eta Zumaiak–. ZAEko Gesalaga trainerua seigarrena izango da lehiatzen, 17:45ean hasita. Emakumezko seniorren lehia, berriz, minutu batzuk lehenago hasiko da, 17:37ean, eta hamahiru talde uretaratuko dira; ZAEko emakumeen trainerua 17:42an aterako da.
Ibilbideari dagokionez, ohikoa izango da: gizonezko seniorrek 6.000 metroko distantzia osatu beharko dute Mapiletik (Aginaga) irtenda Orioko zubi ingururaino, eta senior emakumezkoek eta gainerako kategoriek, berriz, 4.000 metroko distantzia, Saikolatik abiatuta. Minutu bateko tartearekin aterako dira ontzi guztiak. Sari banaketa, berriz, helmuga parean egingo dute.
Festa giroa herrian
Larunbaterako eguraldi ona dago aurreikusita, baita 20 graduko tenperatura ere, eta Altunak azpimarratu du arraunerako giro ezin hobea izango dela, beraz.
Anuska Esnal alkateak ere giroa aipatu du, baina ez eguraldiarena, traineru jaitsierak herrian sortzen duena baizik. Orio herri arraun zalea izanik, errioan hainbeste traineru ikusteak herrian sortzen duen giro ona nabarmendu du. Halaber, gogorarazi du egun horretan herriko tabernek ere festetako ordutegia izaten dutela, kirol hitzorduak herrian duen eraginaren seinale.
Traineruen zerrenda eta hurrenkera
Honakoa izango da Oriaren 31. Traineru Jaitsieran parte hartuko duten ontzien zerrenda, eta bertan zehaztuta ikus daiteke bakoitzaren irteera ordua ere: