Asier Serrano: "Jada ez daukat zorrik nire geografia literarioarekin"

Ainhoa Sarasola ('Berria' egunkaria) 2025ko ots. 13a, 12:00

Asier Serrano idazlea. (Erein)

Bere ibilbidean itxuratuz joan den unibertsoa lan bakarrean bildu duela sentitzen du, eta, hala, zirkulu bat itxi duela Euri gorriaren azpian nobelarekin. Bide berriak ibiltzeko gogoz da orain. Zarauztarrarekin hitz egin du Berria egunkariak.

Donostiako Irale ikastegian beste irakasle batzuei «irakasten ez, erakusten» dabil azken urteotan Asier Serrano (Eibar, Gipuzkoa, 1975). Literatura eta sormena izaten ditu hizpide haiekin, eta gai berak eraman ditu Euri gorriaren azpian nobelaren ardatzera (Erein, 2024). Idazle izandako emakume bat du protagonista, zeina aspaldi atzean utzi zuen hirira itzuliko den, hilzorian den gizon antzerkigile bati emandako hitza betetzeko. Hari bere bidaian segika, ama izateko nahi eta ezinari, iraganari, memoriari eta sormenari buruzko gogoetak jasoko ditu irakurleak. Serranok duela sei urte idatzi zuen testua, baina tiradera batean izan zuen gerora. Bertan bere unibertso literario osoa bildu duela sentitzen du idazleak, eta itxitzat eman dezakeela garai batean literaturan nahiz musikan abiatu zuen bidaia. Beste bide batzuk urratu nahi lituzke aurrerantzean.

Baziren urte batzuk libururik plazaratzen ez zenuela. Nobelaren aurkezpenean esan zenuen promes bat betetzeko hasi zinela liburu hau idazten. Zein zen promes hori?

Erlojugilea idatzi nuenean, oso argi neukan trilogia baten lehen liburua izango zela. Bukatu, eta zalantzan egon nintzen akaso bigarrena ere ez nuela aterako. Gero Abisalia etorri zen, eta ez dakit gogorik ba ote nuen nire geografia literario horretara itzultzeko. Eta gerora gogoa sentitu nuen hiruko hori betetzeko. Berriro bueltatu nintzen interesatzen zitzaizkidan gaietara: boterea, gerraren testuingurua, giza harremanak... Eta, batez ere, hori fikzio gune batean kokatzera, ezleku batean, nire geografia literarioan. Promesa ere bazen —batez ere gerora— itxi behar nuela hiri gorriaren, Abisaliaren eta nire literaturaren mundu hori guztia, eta uste dut liburu hau bukatzean lortu nuela esatea orain dagoeneko ez diodala ezer zor nire literaturari, hau da, amaitutzat ematen ditudala horiek guztiak. Liburu motza da, baina nire obsesio literario guztiak aurki daitezke bertan; nire estiloa ere bertan dago laburbilduta, bere ahulgune eta indarguneekin.

Duela sei urte idatzi zenuen nobela, eta tiraderan gordeta eduki duzu. Istorioan, protagonistak ere planteatzen du zergatik edo zertarako idatzi. Erantzunik topatu diozu galdera horri?

Bai, liburu honek erantzuten dio nire galdera horri; idazten ari nintzela ere, galdera horrek apurka erantzuna jasotzen zuen. Eta gero batez ere kezkatzen ninduena zen zertarako publikatu. Liburuaren lagina lagun eta lankideen artean partekatu nuen, zalantza izugarriak nituelako, oso pertsonala iruditzen zitzaidalako eta idaztean bere funtzioa bete zuelako. Oso hilabete gutxitan hasi eta bukatu nuen, eta burbuila baten moduan gogoratzen ditut hilabete horiek; zaratak isilarazteko gune bat zen liburu hau idaztea, baina gizartearen zaratak hor zeudela jakinda, eta horiei esplikazio bat eman nahian, esplikazio metaforiko bat. Baina zertarako publikatu? Akordatzen naiz Andu Lertxundiri galdetu niola ea berak zergatik publikatu izan zuen. Eta bere iritzia eman zidan, bere bizipenak kontatu zizkidan...

Eta konbentzitu zintuen...

Erantzun eder bat eman zidan, eta horrekin nahikoa izan nuen. Baina zergatik eta zertarako hori bizipen pertsonal batekin lotu nuen. Ebakuntza larri bat izan nuen duela lau urte, eta ordutik min neuropatikoak ditut. Biktimismo hipokondriako larri batean sartuta pasatu nituen lehenengo bi urteak, batez ere galdera okerra egiten niolako neure buruari: «Zergatik min hau? Zergatik niri? Zergatik ez da joaten?». Eta momentu horretan alaba jaio zitzaidan, eta orduan ulertu nuen dena: galdera aldatu beharra neukan, ez baitzen hainbeste zergatik, baizik eta zertarako. Eta ziurrenik izango da bestela ez nukeelako nire alaba ezagutuko. Azkenean, horri tiraka, liburua kaleratu nuen, eta orain badakit zertarako: behin promes hori beteta, liburua alabari eskaini nion, eta ez dakit balekoa den edo ez, baina niretzat badu beharrezkoa den orrialde bat behintzat, alabari egindako eskaintzarena.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen, esteka honetan

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide