Nazio Batuek otsailaren 2a izendatu zuten Hezeguneen Eguna. Natura-kontserbazioaren nazioarteko gainerako politika guztiak bezala, 70eko hamarkadan du egun horrek jatorria, eta ekosistema horiek biodibertsitatearen konplexutasunaren kontserbazioan duten garrantziarekin batera, giza presioaren aurrean bizitzen ari diren degradazioa edo galera izan ziren arrazoiak.
Euskal Herria ez da salbuespena. Itsasoaren mugan eta mendi magaletan zabaltzen den herrietan, berezkoak dira mota ezberdinetako hezeguneak, bai ur gaziak erregulatutakoak, bai ur gezak. Baina, mundu osoan bezala, gurean ere oso kaltetuta daude gehienak, desagertuta asko.
Zarautzen baditugu oraindik, mendian zein kostaldean, euren ezaugarriak guztiz galdu ez dituzten hezeguneak Iñurritza errekari lotutakoak dira ondoen kontserbatu ditugunak, eta horregatik aukeratzen du Arkamurka natura-elkarteak Iñurritza hezeguneen eguna ospatzeko. Aurten seigarren urtea izan da.
Bi dira egun honetan egin ohi ditugun jarduerak auzolanean. Batetik, bertako landare arrotz inbaditzaileen berri eman izan dugu. eta batzuetan bakar batzuk erauzi ere bai. Aurten garbiketan zentratu gara.
Bestetik, bada, garbiketa-lanak egin ditugu. Sentsibilizazioa du helburu nagusia lan honek: gure bizimoduak eragiten dituen hondakinez jabetzea.
Aurtengo saioan 15 zaku inguru bete ditugu zaborrez. Lehen urtean ateratakoa baino askoz gutxiago da, eta hori pozgarria da, baina kezkatzeko moduko hondakin-piloa topatzen jarraitzen dugu. Aipatu behar da Aldundiak ere beste garbiketa bat egin duela urtean zehar.
Zabor horien artean, azpimarragarriak dira porexpan zatiak eta higieneko paper zapiak. Bi hondakin mota hauek oso kaltegarriak dira, ez soilik naturan denbora asko behar dutelako desegiteko, baizik eta lehenaren kasuan, mikroplastiko bihurtu eta kate trofikoan sartzen delako, eta bigarrenarenean, araztegietan eta ur-hoditerietan sekulako arazoak eragiten dituztelako.
Horiekin batera ugariak dira dendetako plastikozko eskularruak, botilen tapoiak, latak eta poteak eta baloi/pilotak. Urtez urte jasotzen jarraitzen dugu, eta argi dago horiek guztiak edukazio faltaren ondorio direla; alegia, jendeak hondakinak zaborrontzietara ez botatzearen ondorio.
Bukatzeko, bada urtero harritzen gaitun beste objektu bat ere: plastikozko txotxak. Ez gaude ziur txupatxusen makilak diren, edo belarriak garbitzeko bastoitxoen hondarrak. Baina harrigarria da zenbat eta zenbat horrelako pilatzen den kanalean.
Hauxe izan da aurtengo uzta tristea, eta beste behin ere, herritarrei hondakinak behar bezala kudeatzea eskatzera dagokigu. Itsasora ailegatzen den guztia itzultzen baitigu bueltan itsasoak.
Zarauztarrak zorionekoak gara oraindik hezegunez gozatu dezakegulako. Zaindu ditzagun!