Xanti Iruretagoiena argazkilaria zendu da gaur, 86 urte zituela. Herritar aski ezaguna izan zen hainbat hamarkadatako Zarautzen kronika jaso zuelako milaka argazkitan. Gainera, XX. mende hasierako herriko postal eta irudi artxiboaren sortzailea ere izan zen.
Iruretagoiena ebanista izan zen lehendabizi, eta asteburuetan egiten zituzten mendi irteeretan hasi zen ateratzen argazkiak; izan ere, Pagoeta Mendizale Elkarteko kide izan zen, eta argitaratzen zuten aldizkarian ere murgilduta ibili zen. Berandu bihurtu zuen afizioa ofizio; hau da, 39 urte zituela hartu zuen eszedentzia bide berriari ekiteko .
“Madrilera joan behar izan nuen argazkilari profesionalaren titulua ateratzera. Eskuliburu batekin argazkilaritzaren ingurukoak ikasi eta gero, bigarrengoan eman zidaten Espainiako bandera luze bat zeraman txartela, eta harekin lortu nuen zaldi lasterketetarako eta beste ikuskizun batzuetarako sarbidea”, gogora ekarri zuen argazkilariak 2023ko maiatzean GUKAk egin zion erreportajean.
Zarauzko Udalak antolatutako ekitaldietan ibiltzen zen erretratuak egiten, eta, horrez gain, ezkontzak, jaunartzeak eta bestelako ekitaldi pribatuak ere egiten zituen. Xanti Argazkiak izeneko denda ere bazuen, eta bezeroak zaintzea garrantzitsua izan zen beretzat: herritar ugariren karreteak errebelatu eta abar.
2019an, egile-eskubideak lagatzeko hitzarmena sinatu zuen Xanti Iruretagoienak eta Zarauzko Udalak. Dohaintzan 100 argazki album inguru eman zizkion udalari orduan, 1976tik aurrerako argazkiekin "artxibo hori zaintzea eta zabaltzea" helburu hartuta. Hala, 2023an, udalak digitalizatu nahiz katalogatu eta udal argazki artxiboan sartu zituen.
Herriko argazkilaria agurtzeko hileta elizkizuna bihar egingo dute, 19:00etan, Andre Maria Zeruratzearen parrokian.