Abian da Salberdingo 60 zuzkidura bizitokiak esleitzeko prozedura

Aritz Mutiozabal 2025eko otsailaren 10a

Salberdin eremuko 60 zuzkidura bizitokiak. (Zarauzko Udala)

Asteazkenean irekiko dute izena emateko epea, eta otsailaren 25era arte iraungo du. Eskatzaileek 36 urte baino gutxiago izan beharko dute, eta titularretako batek Zarautzen erroldatuta egon.

Salberdin eremuko 60 zuzkidura bizitokiak esleitzeko prozesuari hasiera eman berri dio Eusko Jaurlaritzak. Gazteei zuzendutako alokairuko apartamentuak dira: logela bateko hiru zuzkidura-bizitoki egokitu, logela bateko 54 zuzkidura-bizitoki, eta bi logelako hiru zuzkidura-bizitoki, hain zuzen ere. Asteazkenean irekiko dute prozesuan izena emateko epea, eta otsailaren 25era arte izango da horretarako aukera.

Parte hartzeko ezinbestekoa izango da Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan alta emanda egotea, alokairuko eskatzaile gisa, Zarauzko udalerrian. Etxebiden izena emanda duen titularretako batek, gutxienez, Zarautzen erroldatuta egon behar du. Baina badira salbuespenak; izan ere, mugikortasun murriztua duten pertsonek eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute egiaztatu beharrik izango udalerrian erroldatuta daudenik.

Eskatzaileek 36 urte baino gutxiago izan beharko dute, edo izen-emate bateratuen kasuan, nahikoa izango da inskripzioaren titularretako bat adin horretatik beherakoa izatea. Bizitoki egokituetan zozketan, aldiz, ez da adina kontuan hartuko.

Parte hartzaileen diru sarrerari dagokionez, ondorengo parametroak zehaztu dituzte: 2023. urteko errenta aitorpenaren zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez  izatea, ezta 45.022,57 euro baino handiagoak ere. Horrez gain ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko mugikortasun murriztua duten pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek edo etxebizitza bat izateko eskubide subjektiborako eskubidea onartuta dutenek.

Izena emateko bideak

Ezarritako baldintzak betetzen dutenek prozesuan izena emateko hainbat bide dituztela jakitera eman du Zarauzko Udalak. Internet bidez, www.etxebide.euskadi.eus/espedientea webgunearen bitartez egin daiteke, Sustapenak atalaren barruan. Postaz ere helarazi daiteke, eskaera orria sinatuta, ondorengo helbidera: Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritza. Andia kalea 13, 6. - 20004 Donostia.

Beste aukeretako bat aurrez aurre aurkeztea da, bai Zarauzko Etxebizitza Bulegoan (Salegi kalea, 14) bai Zuzenean-en (Andia kalea, 13, behea – Donostia), aurrez hitzordua hartuta. Edo eskaera sinatu eta edozein administrazio publikoren erregistroan aurkeztu daiteke.

Informazio gehiago nahi duenak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin eta Zarauzko Etxebizitza Bulegoarekin jar daiteke harremanetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide