Cimasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren barruan, aurten ere urpeko argazkiekin osatutako erakusketaz gozatzeko aukera izango da. Gaur arratsaldean zabalduko dute mostra, 17:00etan, Merkatu plazako lehen solairuan, eta hilaren 27ra arte bisitatzeko aukera izango dute herritarrek; astegunetan, 17:00etatik 19:00etara, eta asteburuetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara.
Erakusketa hau aukera paregabea da Cimasub jaialdiaren aurtengo lehiaketara aurkeztu diren itsaspeko 24 argazki onenak ikusteko. Askotariko irudiak bildu dituzte oraingo honetan ere, munduko itsas paisaia ikusgarrienetakoak: koralezko arrezife koloretsuetatik hasi eta izaki misteriotsuak bizi diren sakonera ilunetaraino, alegia.
Saritutako argazkilarien artean, Joan Barcia Ubeda (Urrezko Baranda eta PADI saria) eta Merche Llobera (Zilarrezko Baranda irabazi zuen) nabarmentzen dira. Baita Rowan Dear (Brontzezko Baranda), Daniel Landa (Kantauriko argazkirik onena) eta Diego Carral Maceiras (UICN saria, ingurumen konpromisoagatik) ere.
Erakusketak balio estetikoa ez ezik, hezkuntza transmisioa du helburu. Klima aldaketa eta kutsadura arriskuan jartzen ari dira itsas bizitza, eta argazkien bidez jokoan dagoena erakutsi nahi dute antolatzaileek.