Julian Enrikeren Oroimenezko XVI. Traineru Jaitsiera jokatuko dute gaur, goiz-eguerdi partean, Sestaoko uretan. Guztira, 49 ontzik hartuko dute parte emakumezkoen, gizonezkoen eta beteranoen mailan, eta Zarautz Arraun Elkarteko gorengo bi taldeak bertan lehiatuko dira
Gizonezkoen Enbatak aurreko asteburuan eman zion hasiera neguko estropadei, eta hirugarren denbora onena erdietsi zuen; Zierbeña eta Pedreñaren atzetik. Emakumeentzat, berriz, gaurkoa izango da 2025ean jokatuko duten lehen estropada. Bestalde, harrobiko arraunlariek ez dute probarik izango asteburu honetan.
Erlojupeko traineru estropada izango da, eta beteranoek emango diote hasiera, 11:00etan puntuan (4.400 metro); jarraian, emakumeen txanda izango da (4.400 metro), eta azkenik, gizonezkoena (6.000 metro). Zarauzko emakumeak 23.ak izango dira probari ekiten, 11:23an, eta gizonezkoak, berriz, zerrendan 40.ak izango dira arraun egiten, 11:40ean.