Indarkeria matxistari erantzun. Autodefentsa feminista! leloa aldarri hartuta, Lege Zaharren Enparantzan elkarretaratu dira gaur eguerdian aste honetan Irunen izan den hilketa matxista gaitzesteko. Zarauzko Mugimendu Feministak eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta, hainbat herritar batu da mobilizaziora gertakaria gogor salatzeko eta biktimaren familiakoei eta ingurukoei babesa nahiz elkartasuna adierazteko.
Hamabost minutuko bilkuraren ondoren, Zarauzko Mugimendu Feministako kideek hartu dute hitza, eta "nazkatuta, nekatuta eta haserre " agertu dira hilketa matxista berri baten aurrean. Izan ere, Irungoa urtea hasi zenetik Euskal Herrian jazo den bigarren hilketa matxista izan da. 47 urteko gizon batek bere ama labankadaz larri zauritu zuen ostegunean, eta zauri horien ondorioz, ostiral goizaldean hil zen emakumea ospitalean.
"Hala ere, prest gaude erantzuteko eta kaleak hartzeko. Izan ere, ez gara isilik geratuko, eraso orori erantzuna emango diogu. Eta, gizonek, zuek noiz hartuko duzue dagokizuen ardura?", nabarmendu dute. Gainera, Irungoa "sistema zisheteropatriarkal zuria" agerian uzten duen gertakari bat gehiago dela diote: "Jakin badakigu, erailketa matxistak indarkeria matxistaren ondorio izugarri eta lazgarrienak direla. Baina, gizonek emakumeak estrukturalki zapaltzen dituztenez gero, hainbat motatakoak dira emakumeok jasaten ditugun zapalkuntzak".
Adibide gisa, ondorengo indarkeria matxistak aipatu dituzte: sare sozialetan erasotzaileak jarraitzea, gizonen arteko aliantzak eraikitzen eta sostengatzen jarraitzea, hartu beharreko ardurei entzungor egitea, txiste saiakera zapaltzaileei barre egitea, salaketak zalantzan jartzea, botere-harremanez aprobetxatzea eta kaletik begiradekin akosatzea, besteak beste.
Erasoekin amaitzeko, autodefentsa feminista "ezinbestekoa" dela azpimarratu dute. Isil eta mendeko ezin dela erantzun, eta Mugimendu Feministan elkar antolatzen ari direla azaldu dute: "Gure protokoloa izan daiteke irudikatzea zer nolako espazioak nahi ditugun emakume eta sexu-genero disidenteak eroso egoteko; zer nolako harremanak nahi ditugun; zer espazio hartuko ditugun; zer espaziotatik botako zaituztegun".
Zentzu horretan, herritarrei pauso bat aurrera eman dezaten eskatu diete, indarkeriarekin amaitzea ororen ardura delako. Horretarako, sare sozialetan erasotzaileei jarraitzen uztera, erasoak salatzera, sarearen parte izatera, asanbladetan parte hartzera, elkar zaintzera eta antolatzera animatuarazi dituzte.