Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak joan den asteburuan ekin zioten Gipuzkoako Pilota Egokituko Txapelketari, aurreneko jardunaldia Zarautzen jokatuta. Haritz Lertxundi Getarian bizi den zarauztarra da txapelketan parte hartzen ari diren 34 pilotarietako bat, beteranoetakoa gainera, 2009an pilotan hasi zenetik ez baitu hutsik egin.
Lehengo asteburuan 15-1 irabazita, "gustura" dago Lertxundi, garaipenak finalerako bidean jarri duelako. "Sasoiko sentitzen naiz, hanketatik ondo nabil, eta, Errenteriako jardunaldian lan ona eginez gero, finalean sartzeko aukera handia dut", aitortu du. Dena den, Zarauzko garaipenari meritua kendu nahi izan dio, aurkaria sasoi onenean ez zegoela arrazoituta.
Lertxundik urte asko daramatza pilotan jokatzen, eta azaldu du ez duela albo batera utzi nahi, pilotak "bizitza" eman diolako. Hala ere, jokalari gisa txapelketak alde batera utzi eta entrenatzaile lanetan hastea du amets. "Orain ere aritzen naiz gazteen entrenatzaile, baina, etorkizunean, neuk jokatzeari utzi, eta entrenatzaile lanetan bakarrik aritu nahiko nuke".
Zarauzko taldean ez dira lehiakide asko: Lertxundi bera eta beste lau —Xabi Villar, Joseba Altuna, Lorea Iribar eta Alvaro Valor—. Lertxundik horregatik ez dio uzten jokatzeari, ez duelako taldea galzorian jarri nahi. Pozik dago pilota egokituan gero eta jende gehiago aritzen delako, baina oraindik ikusten du gehiago ere aritzeko modua. "Beste modu bateko desgaitasunak edo gaixotasunak dituztenei ere ateak irekitzea litzateke horretarako bide bat", dio.
Emakumeak aipatu ditu, batez ere. "Ziur badirela neska gehiago ere kirol hau probatuko luketenak baina zerbaitegatik ausartzen ez direnak". Izan ere, aurten txapelketan parte hartzen ari direnetatik lau bakarrik dira emakumeak. Gaineratu du "giro bikaina" dutela taldean, eta parte hartzera ausartzen ez direnei dei egin die "konplexurik eta lotsarik gabe" probatzera animatzeko.
Lehengo asteburuan aurreneko jardunaldia jokatuta, hurrengoak otsailaren 15ean, martxoaren 15ean, martxoaren 29an, apirilaren 12an eta maiatzaren 10ean jokatuko dituzte Errenterian, Asteasun, Arrasaten, Ordizian eta Oiartzunen, hurrenez hurren. Buruz buruko finalak martxoaren 15ean izango dira, Asteasun, eta binakakoak, maiatzaren 10ean, Oiartzunen.
Irakurri erreportajea osorik, Berria-ren webgunean.