'Anjel Lertxundi: idazlea eta obra' liburua aurkeztuko dute martxoan, Garoan

Aritz Mutiozabal 2025ko ots. 7a, 12:30

Anjel Lertxundi idazlea.

Beatriz Zabalondok eta Alexander Gurrutxagak ondu dute liburua, eta beraiek azalduko dituzte argitalpenaren nondik norakoak, martxoaren 7an.

Anjel Lertxundi idazlearen ibilbide oparoaren inguruan, Anjel Lertxundi: idazlea eta obra uda ikastaroa antolatu zuten 2023an. Orain, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gabriel Aresti Bildumak ikastaro hartako hitzaldiak jaso ditu izenburu bereko liburu batean, baita Lertxundiren omenez Zarautzen eginiko ekitaldietan eskainitakoak ere.

Beatriz Zabalondo eta Alexander Gurrutxaga izan dira saiakera liburua ontzeaz arduratu direnak. Bertan jasotako idatziek Lertxundiren obraren alderdi asko jorratzen dituzte, talaia ezberdinetatik begiratuta, sakon eta zorrotz.

Egindako lanaren nondik norakoen berri emateko, martxoaren 7an aurkezpen saioa eskainiko dute Zabalondok eta Gurrutxagak, 18:30etik aurrera, Garoa liburu dendan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide