Urtarrilaren 27rako zegoen iragarrita aurtengo Sagardo Eguna, baina baldintza klimatologikoen eraginez, bertan behera uztea erabaki zuen Zurekin elkarteak. Aurrera begira egiteko asmoa ere erakutsi zuen, eta aste honetan data berria zein izango den iragarri dute: otsailaren 23a, igandearekin.
Askotariko sagardoa dastatzeko aukera izango da, Lege Zaharren Enparantzan izango diren bederatzi sagardogileren postuetan. Jaiak 12:00etatik 14:00etara iraungo du, eta Motxian-Etxebeltz Bertsoguneko bertsolariak, Goizeko Ihintza elkarteko txistulariak, eta familientzako txokoa izango dira. Gainera, aurtengoan, erretiratu berri diren Alai tabernako Iñigo Intxauspe eta Helena Pedrosa omenduko dituzte.