Iñurri elkartearen erakusketa ikusteko azken egunak

Aritz Mutiozabal 2025eko otsailaren 5a

'Indarkeria estetikoa.Tabuen kutxatik plazara. Gorputz ez normatiboak' erakusketa. (Iñurri)

Ostiralera arte bisitatu ahal izango da Indarkeria estetikoa.Tabuen kutxatik plazara. Gorputz ez normatiboak argazki mostra, Emakumeen Etxean. Astelehenerako, berriz, Kalbak solasean hitzaldia antolatu dute.

Gizartea indarkeria estetikoaren inguruan sentsibilizatzeko asmoz, argazki erakusketa berezia dago ikusgai Emakumeen Etxean. Indarkeria estetikoa.Tabuen kutxatik plazara. Gorputz ez normatiboak izenburua darama, eta Iñurri elkarteak atondu du. Urtarrilaren 27an inauguratu zuten, eta etzira arte izango da ikusteko aukera, otsailaren 7a bitartean.

Aipatu elkarteak minbiziaren akonpainamendu, formazio eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik dihardu lanean. Erakusketa honez bitartez, minbiziak emakumeen gorputzean eragiten duen inpaktua normalizatzea du helburu.

Horrez gain, Kalbak solasean alopeziari buruzko hitzaldia antolatu du Berdintasun departamentuak astelehenerako; 18:00etan izango da, Emakumeen Etxean bertan.  Saioa elebidunez izango da: Itzale Laka euskaraz ariko da eta Dora Galvez, berriz, gaztelaniaz. Lakak burusoil izatearen esperientziaz hitz egingo du; Galvez aktore sozial eta komikoa da, Las Calvas Existimos filmaren egilea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide