Negua koplaz eta makil kolpez

Aritz Mutiozabal 2025ko ots. 4a, 09:00

Santa Ageda bezperako irudi bat. (Guka)

Herriko hainbat kultur talde eta eragile aterako da gaur arratsaldean kalez kale kantuan, Santa Ageda bezpera ospatze aldera.

Lurra neguko lozorrotik esnarazteko ohitura zaharrak berritzeko egunak iristear daude. Gaur otsailaren 4a da, Santa Ageda bezpera, baina aurretik eta ondoren ere astinduko dituzte makilak eta eztarriak santa eskean. Zarautzen, ohiko usadioari jarraiki, hainbat talde irtengo dira kalera gaur arratsaldean, jende guztia kantuz jartzeko asmoarekin.

Txinpirin abesbatza Villa Mundako parketik abiatuko da, 18:00etan, eta koplak abesten ariko da kalez kale, Imanol Urbieta Musika eskolako txistulari ikasleekin batera. Geltoki aldean, Udaberri aurrean eta Lege Zaharren Enparantzan ibiliko dira kalez kale,19:00 arte.

Ordu horretan bertan, Arrai Zopa elkarteko kideek abiatuko dute Santa Ageda bezperako kantu ibilbideari.
 
Azkenik, Zarautz Abesbatzak, ZarautzTrik Kultur elkarteko ikasleekin eta Felix Zubia eta Aitor Urbieta bertsolariekin batera, 19:30ean hasiko du bere kopla saioa Musika Plazan; saioa 21:00 aldera amaituko dutela aurreikusten dute.
 
Montetxio korua ere kantuan aterako Musika Plazatik, 19:30ean, santa eskean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide