Gogotsu ekin diote Gipuzkoako Pilota Egokituko Txapelketari

Intza Trula 2025ko ots. 1a, 13:00

Aritzbataldeko frontoian hasi dute gaur XV. Gipuzkoako Pilota Egokituko Txapelketa. 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara jokatuko dituzte neurketak.

Martxan da XV. Gipuzkoako Pilota Egokituko Txapelketa. Hain justu ere, gaur goizean hasi dute lehen jardunaldia, Aritzbatalde kiroldegiko pilotalekuan, eta iluntzera arte luzatuko dute.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak antolatu dute txapelketa, eta gaurkoan, bi modalitatetan banatuta ari dira jokatzen neurketak: adimen urritasuna dutenak teniseko paletan buruz burukoak jokatzen ari dira, eta urritasun fisikoa dutenak gurpildun aulkian gomazko paletan ari dira, bikoteka.

Kanpoan hotza egin arren, giro aparta sortu da frontoian pilotarien zein haiek animatzera gerturatu diren guztien artean. Guztiak lehiatzera atera badira ere, lagunartea izan da jaun eta jabe neurketa guztietan.

09:00etatik 14:00etara jokatuko dituzte lehen neurketak, eta 16:00etatik 19:00etara egingo dute arratsaldean. Datozen neurketak, berriz, Errenterian (otsailak 15), Asteasun (martxoak 15), Arrasaten (martxoak 29), Ordizian (apirilak 12) eta Oiartzunen (maiatzak 10) izango dira. Buruz buruko finalak martxoaren 15ean jokatuko dituzte, Asteasun, eta binakakoak maiatzaren 10ean, Oiartzunen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide