Zarautzen 3.000 etxe huts baino gehiago daude. Gure herriko politikariek, ordea, etxe falta dagoela diote, eta konponbidea are gehiago eraikitzea dela. Horrela, eraikuntza ziklo berri bat sustatu dute, eta testuingurua etxebizitzarekin espekulatzen jarraitzeko ezinhobea da.
Espekulazioaren adibide argi bat Inurritzako auzo berrian topa dezakegu. Etxebizitza berriak eraikitzeko, Zarauzko Udalak Amenabar eraikuntza enpresari saldu zizkion lurrak, horietan etxebizitza babestuak egiteko. Urbanizazio obren aurrekontua 5.773.080 eurokoa izan zen, 180 etxebizitza eraikitzeko. Kontuan izanda etxebizitza horiek 554.000 eta 903.000 euro arteko prezioetan saldu direla, negozio borobila izan da Amenabarrek erakunde publikoen laguntzarekin egin duena.
Baina espekulazio aritmetika horri elementu gehiago gehitu behar zaizkio. Hasieran, auzo berri horretan 72 etxebizitza babestu egokitzeko agindu zuen udalak, baina gero zenbaki hori 60ra jaitsi zuen; horietatik 24 dira BOE Babes Ofizialeko Etxebizitzak eta 36 tasatuak, hots, eraiki diren %33 soilik. Arazoa hobeto kuantifikatzeko, kontuan izan behar dugu 2011tik 2023ra Zarautzen babes publikoko 232 eta babes sozialeko 141 etxebizitza eraiki direla.
Babes ofizialeko etxeen kopurua azken unean murriztu izana albo batera utzita, kontuan izan behar da etxe tasatuen prezioak ordainezinak direla herriko gazte askorentzat (hiru gelakoak 258.277 euro BEZ gabe, garajea eta trastelekua gehitu gabe). Etxebizitza libreei dagokienean, kezkagarria da horietako bat edo beste jada Fotocasa atarian salgai ikustea, hasierako salmenta prezioan baino garestiagoan. Espekulazio gordina.
Etxebizitzarekin negozioa egiten duten horiei alfonbra gorria ipintzen zaien bitartean, herriko 2.516 pertsona daude Etxebiden izena emanda, eta etxe bat alokatzeak 870 euro balio zituen batez beste 2023an. Baldintzak egunetik egunera okerragoak dira. Lehengo urtean, hamar alokairutik bederatzi sasoikoak ziren, eta merkatu librean erositako etxeen %63 hipotekarik gabe ordainduak izan ziren, hau da, higiezin enpresek, espekulatzaileek eta maila sozioekonomiko altua duten pertsonek erosi zituztela, aktibo horiekin espekulatzeko eta, ondorioz, herritarrak kanporatzeko.
Instituzioetatik arazo honi eman nahi dizkioten “konponbide” guztiek gauza bera bermatzen dute funtsean: enpresari zein etxejabeek etxebizitzarekin negozioa egiten jarraitu ahal izatea. Etxebizitza gehiago eraikitzearen onuradun nagusiak eraikuntza enpresak eta espekulatzaileak dira; alokairurako laguntza zuzenenak, etxejabeak; etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko pizgarri fiskalenak ere, etxejabeak…
Legeak joan legeak etorri, etxebizitzak ez dio negozio izateari utzi, eta, promesak promesa, ez dago alderdi bakar bat ere etxebizitzak merkantzia objektu izateari utz diezaion proposatzen duenik. Ondorioz, alderdi guztiek bat egiten dute errentatzaileen irabaziak babestu eta langile klaseko geruza zabalen pobretze prozesua normalizatzearekin.
Etxebizitzaren arazoarekin amaitzeko konponbide bakarra da etxebizitza kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala bilakatzea, eta gobernuek abiarazitako erreformen aurrean, beharrezkoa da benetako aldaketak eskatzen dituen mobilizazio eta borroka prozesu handi bati ekitea.