Itzali dituzte Gabonetako argiak, eta eskerrak. Baina, Madrilgo ikasle egoitzan, piztu du lagun batek bere mahaiko argitxoa. Egin du berdina beste batek bere etxean Diman. Beste batek Andoainen. Eta beste batek, eta beste batek… Azkena piztu dut nik Gasteizko pisuan. Zortzi lanparatxo dir-dirka. Mahaiko lanparatxoez gain, poxpoloak piztea ere ohituratzat dugu, eta urtarrilaren 31rako ea zenbat piztea lortuko dugun asmatu nahian gabiltza. Orain dela egun pare bat ekin genion piztutako poxpoloak zenbatzeari, baina zenbat piztuko ote genituen abuztuko azken aste horretan bakarrik? Eta irailaz geroztik?
Irailean hasi zena badoa aurrera, (eta ez da ikasturtea soilik, hori ere bai, eta urtarrila ez da hil bereziki ona ikasleontzat, beraz, irakurle, patxadaz hartu testu hau, arren). Izanen GA (www.izanengaztealdizkaria.eus) ere badoa zerbait izaten, zena baino handiagoa, xehetuagoa, beteagoa. Ez genekien oso ongi zertan ari ginen, baina Arantzatik Baionara autobusean gindoazela, gutako batek erabaki zuen zortziko taldea polita dela muserako agian, baina sorkuntzarako, aldiz, itxiegia. Hortaz, elkartu gintuen lehiakortasunari bizkar eginez, bihurtu genuen delirio kolektibo bat zirudiena ofizialki aldizkari. Ez gara berriz urruzunotarrak izanen, baina elkar ezagutarazi gintuen lehiaketara berriz ezin aurkezteak ez du esanahi gurea desagertzera doanik. Izanen Gazte Aldizkariak sariketetatik kanpo ilusioz sortutakoari lekutxoa egiteko helburua du. Une oro lehiara bultzatzen gaituen presa nekaezin hori pausan jarri nahi dugu. Ez da saririk jaso behar idatzi, marraztu edo abestu duzuna zilegi izan dadin. Arnasgunea izanen gara, elitismotik ahalik eta urrunen. Badira nahiko elitista ikasgeletan, kirolean, sareetan. Amateurtasuna harrotasunez jorratu nahi dugu. Artista gazteen lanak jaso, bildu eta argitaratu. Zabaldu eta loratu.
Badira nahiko elitista edonon. Badira hartzeko nahikoa zailak diren erabakiak, plazer hutsez egiten dena ere beste norbaiten erabaki bihurtzeko. Erabakiak okerrak izateko joera dute sarri, edo agian nireen kasua da soilik. Baina presaka hartu ohi ditut, eta orain ez dakit nola esan amari karreraz nahastu naizela. Edo agian ez naiz nahastu, eta urtarrila dela da kontua. “Ama, ikasgairen bateko bigarren matrikula ordaindu beharko dugu, agian” esatekotan nabil, “Ama, karreraz nahastu naiz” baino nahiago izango duelako, ziurrenik. Ikasle txukuna izan naiz beti, baina ez dakit, Gasteizen gauzak Zarautzen baino azkarrago doaz, presa handiagoa du guztiak, eta ez dut astirik ea Hizkuntzalaritza gaindituko dudan edo ez pentsatzen egoteko, Literatura ikasten hasi behar dut. Ez dut astirik lagunei galdetzeko ea gustura dabiltzan euren aukeraketarekin, Granadan dabilenari ea itzultzeko asmorik duen edo han gelditzekoa den. Agian ez naiz karreraz nahastu den bakarra, agian urtarrila da guztiontzat. Urtarrila da, baina behintzat itzali dituzte Gabonetako argiak, eta piztu ditugu Izanen GA-n lanparatxoak eta poxpoloak.
Azterketak bukatzeko itxaroten ari naiz, ea benetan nahastu naizen edo momentuko irudipena soilik den. Bitartean, hatzak gurutzatuta bizi naiz, bigarren matrikularik ordaindu beharrik ez izateko (aurrezten hasia naiz, hala ere). Ez dut astirik pentsatzeko, ezta ere oraindik (behar izanez gero) ekainean beste aukera bat dudala oroitzeko. Oroitzen naiz, ordea, presak hartzen utzi ez dizkidan erabakiekin. Eta ikastera Bartzelonara joan banintzen? Eta hasierako planari eutsi banion? Presakago biziko nintzateke edo etxera bisitan itzultzeko autobusetan presatasun hori pausan jartzea lortuko nuke?
Sarriegi ikusten ditut kanpora-kanpora ikastera joan direnen storieak, eta "ni izan nintekeen" datorkit burura, "ni izan nintekeen, Bartzelonan". Baina elitismo asko dago sareetan, eta presa handia du jendeak argazki bidez erakusteko beraiena gainontzekoena baino hobea dela. Ezer ez da inoiz argazkietan dirudien bezain polita, ezta?
Hemeretzi urterekin har dezakedan erabakia ez dut uste hemezortzirekin hartu nuena baino askoz ere hobea izango denik, beraz, urtarrila amaitu arte itxarongo dut, hatzak zuzendu eta arnas apur bat hartzeko, ikasgeletako elitismotik urruntzeko. Urtarrila amaitzen denean, hitz egingo dut lagunekin, ea gustura dauden euren aukeraketarekin; agian ez naiz karreraz nahastu den bakarra, agian ez da inor nahastu, agian Gasteiz erabaki zuzena izan zen, agian urtarrila bakarrik da. Ezer ez da inoiz momentuan dirudien bezain larria, ezta?
Karrera ez da presaka hartu nuen erabaki bakarra. Testu hau ere gehixeago mima zitekeen. Baina urtarrila da, eta badakizu, irakurle. Gabonetako argiak itzali dituztenez, poxpolo bat piztuko dut, mahai gaineko lanparatxoaren argiarekin ez baitut nahikoa, eta Izanen GA-rentzat zerbait sortzen saiatuko naiz edo. Presak pausan jartzea dugu eta helburu, edozein elitismotatik urrun. Literaturako apunteek ere itxaron dezakete bihar arte. Ezer ez da inoiz momentuan dirudien bezain presazkoa, ezta?
Iritzi hau GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen aurrez. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.