Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da otsailaren 4a, asteartea, eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen Guztiok Minbiziaren Aurka egitasmoaren barruan, asteburu honetan hainbat kirol taldek besoko berdea jantziko dute itxaropenaren sinbolo gisa. Hala egingo dute gaur bertan Zarauzko eskubaloi klubeko Aiala eta Amenabar taldeek. Aialak 16:30ean du partida Aritzbatalden, eta Amenabarrek, berriz, 19:30ean, horrek ere etxean.
Eskualdean, beste hainbat kirol taldek ere ekintza bera egingo dute.
Egitasmo honekin, minbiziaren aurkako elkarteak baikortasun mezua zabaldu nahi du gizartean: "Ohituta gaude kirol ezberdinetako jokalariak dolu gisa besoko beltzak erabiltzen ikustera. Gipuzkoako elkarteak mezu hori itxaropen mezu batekin trukatu nahi du, 2030ean gaixotasunaren %70eko biziraupena lortzeko asmoz".