2024. urtean nabarmendu diren kirolariak aitortu zituen atzo Zarauzko Udalak, Modelo aretoan egindako sari banaketa ekitaldian. 19:00etan hasi zen kirol gala, Xabier Euzkitzek gidatuta, eta saritu guztiek hunkituta jaso zituzten oroigarriak, alkatearen eta zinegotzien eskutik.
2024ko kirolari onenaren sariak Ainitze Zumeta harri-jasotzaileak eta Martin Sorreluz errugbi jokalariak jaso zituzten; hain zuzen ere, beraiek izan ziren oholtzara igotzen lehenak. Zumetak Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziaren eskutik jaso zuen oroigarria, eta Sorreluzi, berriz, Xabier Txurruka alkateak eman zion.
Kirol talde azpimarragarrienen artean, bi talde saritu zituzten atzoko galan: Emakumea Surflarik eta Amenabar Zarautz eskubaloi taldeak, hain justu. Gloria Vazquez Berdintasun zinegotzia eta Txurruka arduratu ziren oroigarriak banatzeaz. Entrenatzaile onenaren saria ZKEren Squash ataleko Raul Parmok jaso zuen, emozioz beteta, Iban San Martin Obra eta Zerbitzuetako zinegotziaren eskutik.
Babeslearen saria, berriz, Graficas Juaristik jaso zuen, eta enpresako kudeatzaile Andoni Juaristi igo zen oholtzara oroigarria jasotzera, Inaxio Illarramendiren eskutik. Azkenik, aurtengo sari bereziena, Kirola Bizi saria, Jose Manuel Martinez Garmak jaso zuen, EH Bilduren udal taldeko bozeramaile Itziar Muruaren eskutik.
Ekitaldiari amaiera borobila emateko, ohi bezala, familia argazkia atera zuten kirolari zein udaleko ordezkari guztiek.