Hezeguneen Eguna ospatuko dute larunbatean Itulazabalen

Intza Trula 2025ko urt. 30a, 09:00

Itulazabalgo hezegunea. (Zarauzko Udala)

Goizean zehar mikro hezeguneen garrantzia ezagutu eta urmaeletako biodibertsitatea hobetzeko auzolana egingo dute. Parte hartzeko aurrez eman beharko da izena.

Hezeguneen Nazioarteko Eguna da otsailaren 2a, eta egunarekin bat egiteko hainbat ekintza antolatu ditu Eraztun Berde Urdinak larunbaterako. Zehazki, bi jarduera egingo dituzte: alde batetik, mikro hezeguneen garrantzia ezagutuko dute Aranzadiko herpetologo Ion Garinekin, eta, bestetik, urmaeletako biodibertsitatea hobetzeko auzolana egingo dute.

Gloria Vazquez Eraztun Berde Urdineko zinegotzi arduradunak azaldu duen moduan, "garrantzi berezia" eman nahi diete abenduan Itulazabalgo zuhaiztian egokitu zituzten urmaelei. Izan ere, azken mendeetan zehar, gizakiaren jardueraren ondorioz, Europako urmaeletako bi heren desagertu dira.

Egoera horri aurre egiteko asmoz, bizidun urtarren kontserbazioa sustatzeko urmael sare bat sortu du Eraztun Berde Urdinak, Aranzadi elkartearekin batera: Zingirakoa, Orokieta herri eskolakoa eta tulazabalgoa, hain zuzen ere. Horrez aparte, Zarauzko urmaeletako biodibertsitatearen kontserbazio-egoera ezagutzeko, mantentzeko eta honen garrantziaz sentsibilizatzeko ikerketa, kudeaketa eta dibulgazio-lanak burutzen dira urtean zehar.

Hori hala, larunbatean Itulazabalen egokitu berri dituzten urmaelak naturalizatzeko eta izaki bizidunek babes guneak izateko elementu naturalak jarriko dituzte; enborrak eta harriak, esaterako.

Izen ematea eta abiapuntua

Larunbateko Hezeguneen Egunean parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurretik. Horretarako, 943-00 51 59 telefono zenbakira deitu edota zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera idatzi behar da.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, larunbatean, Zarauzko Udal baratzeetan elkartuko dira, 10:00etan.

Artelatzen landaketa

Joan den asteburuan artelatzak landatu zituzten Zingira basoan, Eraztun Berde Urdinak antolatuta. Dozenaka herritarrek egin zuten bat deialdiarekin, eta familia giroan igaro zuten goiza.

Vazquezek landaketara gerturatu ziren herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkie: "Eguraldia ez genuen alde izan, baina hala ere herritarrak gogotsu etorri ziren eta horri esker lan ederra egin genuen, giro ezin hobean. Lana bukatu eta gero merezitako hamaiketakoa egin genuen elkarrekin".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide