Lizardi judo taldeko kideek bost domina eskuratu dituzte azken jardunaldian

Mireia Galarza Bastida 2025eko urtarrilaren 29a

Asteburuko irudi bat, Judo Klub Lizardi-Zarautz kideekin. (Judo Klub Lizardi-Zarautz)

Urre eta zilar bana, eta hiru brontzezko domina eskuratuta itzuli ziren etxera kirolariak. 

Gipuzkoako junior kategoriako txapelketa jokatu zuten joan den igandean Urnietako kiroldegian, eta bertan, Lizardi judo taldeko kideak bost dominarekin itzuli ziren etxera. Dominarekin etxera itzuli zirenek, gainera, otsailaren 8an jokatuko duten Euskadiko txapelketarako lekua ere lortu zuten. 

Guztira, sei kirolarik parte hartu zuten bertan, hiruna gizonezkok eta emakumezkok, eta horietatik urre eta zilar bana -Maider Ojeda eta Nahia Arregi, hurrenez hurren-, eta hiru brontzezko domina -Isabela Avila, Xabier Aginaga eta Akramm Magfhour- eskuratu zituzten. Unax Mendez kirolaria, aldiz, kaleratua izan zen txapelketan.  

Bestalde, Lore Austing eta Naiara Villasante ez ziren lehiaketan egon. Izan ere, Austing lehenengoa da sailkapenean, eta Espainiako txapelketan parte hartzeko lekua du dagoeneko; Villasantek ere badu txapelketa horretan bere lekua, egungo kategoriako txapeldun nazionala delako.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide