Urtarrilaren 17an amaitu zen Amalur Landu parte hartze prozesuaren baitan ekarpenak egiteko galdetegia betetzeko epea. Udalak, galdetegiak aztertu eta horietan egindako ekarpenen inguruko ondorioen txostena egin du, eta horrekin amaitutzat emango du prozesuaren lehen fasea. Prozesuaren hasierako fase honen abiapuntua izan zen Santa Klara komentuan, abenduaren 10ean, 100 zarauztar ingururekin egin zen saio irekia. Bertan emandako azalpenen ondoren jarri zuen udalak galdetegia erantzuteko aukera zarauztarren esku, eta bertan, 280 erantzun jaso dituzte, 256 on-line eta 24 paperean. Galdetegiaz aparteko beste zazpi idatzi ere jaso ditu Zarauzko Udalak, azaldu duenez.
Lehen fasea amaituta, bigarrenari heltzeko prestaketa lanetan ari da parte hartze prozesua aurrera eramateko ardura duen lan taldea. Hain zuzen ere, fase berri hori otsailaren 10etik 14ra egingo dute, eta bertan interes talde jakin batzuekin elkartuko dira. Focus group dinamika erabilita, ezaugarri komunak dituzten pertsona talde txikiak bilduko dituzte proiektuari buruzko iritzia, ideiak eta ekarpenak partekatzeko. Horren helburua da parkearen erabilerari eta potentzialari buruzko galdera zehatzen inguruan lan egitea. "Eragile jakin horien esperientziak, ikuspegiak, behar garrantzitsuenak eta irtenbide potentzialak identifikatzen lagunduko du, ezaugarri, behar eta ikuspegi desberdinak uztartzeko", gehitu du udalak.
“Eskerrak eman nahi dizkiet lehen fase honetan parte hartu duten zarauztar guztiei, bai lehen saiora bertaratu zirenei, baita galdetegia osatzeko euren denbora eskaini eta inplikazioa erakutsi duten 280 herritarrei ere”, adierazi du Garbiñe Oiarbide Partaidetza zinegotziak. “Bigarren faseko taldekako dinamikak egin ondoren beste saio ireki bat deituko dugu jasotako ondorioak azaldu eta lantzeko”, gehitu du.