Asteburu emankorra izan dute ZKEko xake taldeek

Mireia Galarza Bastida 2025eko urtarrilaren 27a

Asteburuko xake partidetako bat. (ZKEko xake taldea)

Preferente mailakoek liderraren aurka jokatu behar izan zuten Andoainen, eta hala eta guztiz ere, 0,5-3,5 irabazita itzuli ziren etxera zarauztarrak. Bigarren mailakoek Zumaian jokatu zuten, eta horiek ere 1-3 irabaztea lortu zuten zumaiarren aurka.

Asteburu emankorra izan dute ZKEko xake taldeko kideek. Preferente mailakoek liderraren aurka jokatu behar izan zuten Andoainen, eta hala eta guztiz ere, 0,5-3,5 irabazita itzuli ziren etxera zarauztarrak. 

Lehen mahaian, Jon Lertxundik berdinketa eskaini zion aurkariari partida erdialdean, aurkariak ez zuen onartu, eta partida jarraitzea erabaki zuen. Hala ere, pixkanaka iniziatiba hartu eta "taktika polit batekin", partida irabaztea lortu zuen. Bigarren mahaian, aldiz, Andoni Etxabek jokatu zuen. Bere ohiko irekitzearekin hasi zen, eta partida erdialdera nahiko berdinduta iristea lortu zuen. Aurkariaren denbora faltaren ondorioz, bestearen akatsa baliatuta partida irabaztea lortu zuen.

Hirugarren mahaian Daniela Veltek jokatu zuen beltzekin. Nahiz eta iniziatiba aurkariak hartu, ongi defendatu zen, eta partida iraultzea lortu zuen.
Laugarren mahaian Xabier Arrillaga Pirata izan zen, eta hasieratik solido jokatuz, berdinketa esanguratsu bat eskuratu zuen.

Bigarren mailakoak ere, txukun

Bigarren mailakoek Zumaian jokatu zuten, eta horiek ere 1-3 irabaztea lortu zuten zumaiarren aurka. Zehazki, Iñaki Altzibarrek, Iñaki Buruntzak eta Jon Altzibarrek euren partidak irabazita lortu zituzten hiru puntuak. Nahiz eta Altzibarrek azken bi partidak irabazi, aste honetan ezin izan du punturik bildu.

Hurrengo jardunaldia otsailaren 1ean izango da, larunbatarekin, eta bi taldeek etxean jokatuko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide