Bertsoak

ZKEko Eskubaloi Sailak 60 urte

Inaxio Uria 'Isasti' 2025eko urtarrilaren 26a

ZKEko eskubaloi taldeko jokalari bat. (Luis Epelde)

Inaxio Uria Isasti-k sei bertso sortu ditu ZKEko Eskubaloi Sailari eskainiak. Kasu honetan, Habanera doinuan sortu ditu.

"Juxtu hirurogei urte
betetzear orain dira
Eskubaloikoen saila
aurkeztu zela herrira
Hau ospatzeko asmoa
itxura hartzen ari da
Beraz nere aldetikan
ta asmo hoien harira
ekarpen bat egin nahi dut
oroitzen naizen neurrira
lehen urratsak azalduz
Oinarrizkoak sikira!!
Hasieran bizitako 
hainbat bitxikeri, tira!!
Horrela helaraziaz
hurrengo belaunaldira"

 

"Garai haietan futbola
zen kiroletan bakarra
Baina osatu ondoren
elkartearen batzarra 
proposamen bat sortu zen
ta hartu zuen indarra
Kirol aniztasuna zen
nolabait lortu beharra
Herriko gazte kuadrillak
bereganatuz oharra
erantzuna eman zuten
hala gaindituz lehen marra
Ondoren antolatuaz
bakoitzak bere adarra
Talde guztiak eginez
noski lana barra barra"

 

"Eskubaloi arduradun
kuadrila zen Txiprixtinak
Kansas eta Burmans berriz
laguntzaile oso finak
Denen artean eginaz
lehen urrats ahaleginak
Taldea guztiz anitza
Ikasle ta beharginak!!
Elkarlanaren bitartez
ta temaren eraginak
emaitza hau eman zuen
Bi porteri,ez arinak!!
Asteburuetan tinko
beraien eskuz eginak
Txuri beltzez margotuak
ta ia ia berdinak!!"

 

"Lehen partidan kokaketa
Lege Zaharren Enparantza
Adizkidetzakoa zen
Zein ziren? Hor dut zalantza!!
Aurretikan inguruan
sortuaz kristoren saltsa!!
Alde batetik zorua
arriskugarria antza
Baserritarren astoak
zuten han kakaz deskantsa
Ondoren kare biziaz
garbitu behar zen kantxa
Gero zutabe tarteak
sarez estali. Ez da txantxa
Baloikadak kristaletan
egin ez zezan triskantza"

 

"Hurrena Munoa Plaza
egokia zela eta
Eskatu zuten bertara
egitea aldaketa
Baina zorua zegoenez
guztia zuloz beteta
egin beharra zegoen
ezinbestez berdinketa
Elkarlanean berriro
“kamiñero” ariketa
Harrilegar galipota
Hura zen hura nahasketa!!
Nabarmena izaten da
gazteen tema ta seta
Horrela jasoaz batzuk
galipot bedeinkaketa"

 

"Zinema frontoia zenez
ezinbesteko aukera
Astean bitan bertara
ariketak egitera
Jokalariak serio
aurrera eta atzera
Kirol berria jorratu
eta tinko ikastera
Porteriak berriz dantzan
azokan gora ta behera
Aste egunez frontoira
Igandez itsaz ertzera
Ikusle asko joaten zen
Partidoak ikustera
Arauak ikasi eta
Taldea animatzera"               

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide