Javier Lucas eta Rosi Eizagirre: "Urtebetean 63 ezkontza izandakoak gara"

Intza Trula - Mireia Galarza Bastida 2025eko urtarrilaren 24a

Javier Lucas eta Rosi Eizagirre argazki estudioaren atarian. (Intza Trula)

Ia 40 urte inguru eta gero, Javier Lucas argazkilaritza estudioari agur esango diote izen bereko argazkilariak eta Rosi Eizagirrek. Etapa berriari eta sortutako oroitzapenei buruz mintzatu dira Gukastekan.

Etapa berriaren atarian, zer moduz zaudete?

Javier Lucas: Ni ondo nago, Rosi baino hobeto. Nire momentua iritsi da proiektu honi agur esateko, eta, alde batetik, pozik nago. Bestalde, baina, gogorra ere ari da izaten.

Rosi Eizagirre: Nik okerrago daramat, bezeroekin harreman oso handia izan dudalako. Egia esan, asko kostatuko zait hau uztea.

Javier, gogoratzen al duzu kamera bat lehen aldiz eskuetan hartu zenuen momentua?

J.L.: Bai, bai. 15 urte nituela nire anaiak argazki kamera bat oparitu zidan, eta orduan hasi nintzen argazkiak ateratzen. Pixkanaka-pixkanaka erakusketak prestatzen hasi nintzen, baita lehiaketetan parte hartzen ere. Ondoren, unibertsitateko ikasketak egiteko garaia iritsi zitzaidan, eta Kazetaritzako gradua ikasi nuen.

Gerora iritsi al zen estudioa jartzeko momentua?

J.L.: Bai. Ikasketak amaitu nituenean hedabideetan egin nuen lan, elkarrizketak eta erreportajeak egiten. Argazkiak ere ateratzen nituen, baina gerora estudioa zabaltzeko aukera sortu zitzaidan bazkide batekin. Lokala erosi genuen 1985ean, eta gaur arte luzatu da.

Rosi, zuk noiztik duzu harremana argazkilaritzarekin?

R.E.: Ni ez naiz argazkilaria, baina arlo horretan lanean hasteko aukera duela hamabi urte sortu zitzaidan. Estudioan lan egiten zuen lankide batek utzi egin zuen, eta ni lanik gabe nengoenez, bertan hasi nintzen lanean.

Denetik egin duzue, tartean, ezkontza askotarako argazkiak. Nola gogoratzen dituzue garai haiek?

J.L.: Lan asko egiten genuen, eta, orokorrean, oroitzapen polit asko ditugu. Gerora asko aldatu da ezkontzak lantzeko modua; izan ere, lehen ezkontza aurreko eta ondorengo argazkiak eskatzen zizkigun jendeak. Lan asko zen hori guretzat, eta, horregatik, estudioko lanarekin aurrera egitea erabaki genuen.

R.E.: Urte batean 63 ezkontza izan genituen. Udaberria eta uda ziren lan gehiena edukitzen genuen garaiak, eta egunean ezkontza bat baino gehiago ere izan ditugu askotan.

Ezkontzez gain, familia askoren bestelako oroitzapenak ere sortu dituzue.

R.E.: Oso polita da hori. Adibidez, behin baino gehiagotan gertatu zaigu bikote baten ezkontzan izan, haurdunaldiko argazkiak atera, eta ume horri berriro ere ezkontzako argazkiak ateratzea. Azken egun hauetan jende asko etorri zaigu esatera beraiek dituzten oroitzapen berezi askotan gu egon garela. Asko eskertzen da hori.

Javier, zuk zer bilatzen duzu argazki bat egiterakoan?

J.L.: Niretzat garrantzitsuena izan da norberaren izaera erakustea argazki batean. Saiatu izan naiz pertsonen jarrerak argazkietan islatzen, denak desberdinak dira eta.

Eta orain, zer egingo duzue etapa berri honetan?

R.E.: Niri oraindik urte batzuk geratzen zaizkit lanean jarraitzeko, eta, beraz, beste leku batean lan egingo dut.

J.L.: Nik ez dut argazkilaritza erabat utziko, eta badut proiektu bat edo beste egiteko asmoa. Dena dela, bestelako gauzak ere egin nahi ditut; bizikletan ibiltzea gustatzen zait, adibidez.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide