Doinueran ezberdinak dira bi lanak; bata, intimistagoa da eta bestea, elektronikoagoa. Bietan jasotzen diren abestietan, ordea, mina da abiapuntua.
Eraso! laukoteak bere ibilbideari agur esaten ari zaion momentu berean, taldeko abeslari eta gitarrista Sergio Ruiz Gonzalez-Txabarriren bakarkako proiektua inflexio puntuan dago. Serge izenpean, folk eta pop ildoko Enarak itzuli dira (2019) eta Leihotik mundura (2021) lanak argitaratu ondoren, menturatu eta azalberrituta itzuli da. Disko bikoitza argitaratu du, Sertx izen artistiko berriarekin sinatuta.
Sormen aldetik oparo dabil musikari zarauztarra, eta Kantu madarikatuak I eta Kantu madarikatuak II lanak ondu ditu, bakoitzean bosna abesti bilduz. Izenburu bera duten diskoak dira, baina doinueran oso ezberdinak elkarren artean: lehena, arrosa belzdun azal zurikoa, intimistagoa da, bakarkakoa eta biluzia; eta bigarrena, arrosa zuridun azal beltzekoa, aldiz, elektronikaz eta instrumentuz jantzia, beteagoa.
Ezberdinak dira elkarren artean, baina elementu berezi batek batzen ditu: minak. Egilearentzat terapia izan da abestiak sortuz barruko arantzak kentzea, eta urratu zaizkion zauria horiek baliatu ditu aurkeztu berri duen proiektu berria ontzeko. Diskoak banandu egin baditu ere, arima bera dute: barne borroka bat da, kantu madarikatuetan islatuta, pozoia kanporatzeko eta kezkak husteko. Behelainopean, ordea, argi izpiak ere nabari direla azaldu du.
Bi estudio, bi ekoizle
Abestiak grabatzeko orduan, bi estudio eta ekoizle ezberdin izan ditu bidaide, disko bakoitzaren izaerarik egokien zetorkiona. Lan intimista Gaztain estudioan grabatu zuen, Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean, iazko martxoan; disko elektronikoagoa dena, berriz, Josu Montero estudioan, 2023 eta 2024 artean, eta Montero eta Sertxen artean egin zituzten ekoizpen lanak.
Kantu madarikatuak I diskoan barnebildu dituen abesti gehienak Sertxenak dira, Ezinean izan ezIk. Kantu hori Gari Berasaluzeren poema batean dago oinarrituta; Enarak Itzuli dira lana elkarlanean egin zuten, eta oraingoan esperientzia errepikatu du. Ezinean kantaz aparte, Gau goiz arratsalde, Hondakinez eraiki, Heldu da infinitoa eta Inork utzi ez duen hutsunea izenekoak jasotzen dira diskoaren lehen atalean..
Kantu madarikatuak II diskoko abesti guztien hitzak ere Sertxek berak idatzitakoak dira: Erantzun baten zain, Hiriak abandonatu zaitu, Bihotza negar, Birjinak eta aingeruak eta Mamuak eta piztiak, hain zuzen ere.
Disko bikoitza plataforma digital guztietan kaleratzearekin batera, Gau goiz arratsalde bideoklipa ere estreinatu du musikariak. Edonola ere, aurrez beste bi aurrerapen bideoklip argitaratu zituen, Hondakinez eraiki eta Bihotz negar abestienak.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!