Zarauzko turismoa presente Fiturren, beste urte batez

Aritz Mutiozabal 2025eko urtarrilaren 23a

Zarauztarren argazkia Fitur azokan: Itziar Murua, Jakes Agirrezabal, Azahara Dominguez , Xabier Txurruka eta Esther Facchin. (utzitakoa)

Madrilgo Nazioarteko Turismo Azoka entzutetsua ari dira ospatzen egunotan, eta aurten ere Zarauzko Udala bertan izan da. 2025-2028ko turismo planaren ildo nagusien berri eman die aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkariei. Era berean, Turismo sailburuordea Jakes Agirrezabal eta Itziar Murua legebiltzarkidea bertaratu dira. 

Atzo ireki zituen ateak Fitur Nazioarteko Turismo Azokak, eta horrekin batera, Euskadi Basque Country postuak ere. Bertan, Zarauzko Udala ere presente izan da, Xabier Txurruka alkateak eta Esther Facchin Turismoko arduradunak ordezkatuta. Azoka bisitatzeaz eta sektorean planteatzen diren berrikuntzak bertatik bertara ezagutzeaz gain, Zarauzko Turismo Plan Estrategiko berriaren ildo nagusiak partekatu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin.

2025-2028 Turismo Plan Estrategikoa egiterakoan lehenetsi duten helburuetako bat Zarautz 2030 Plan Estrategikoarekin eta haren Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatzea izan da. Gainera, planaren garapena VICE ereduan oinarritu dute, honako ardatzak kontuan hartuta: bisitariak (V), turismo-industria (I), komunitatea edo zarauztarrak (C) eta ingurunea (E).

Plan Estrategikoaren ekintza planak lau kontzeptu nagusi garatzen ditu: bizikidetza, zarauztarrak turismo arloko erabaki eta estrategien erdigunean jarriz; nortasuna, euskara sustatu eta balioetsi beharreko elementu bereizlea izanik; iraunkortasuna (soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa); eta pertsona guztien inklusioa. Halaber, kontzeptu horietan murgiltzeko hiru helburu zehaztuko ditu udalak.

Batetik, Zarautz bere kultura eta nortasuna "kontserbatzearen eta balioestearen" aldeko apustua egiten duen udalerria izatea. Bigarrenik, "komunitatearen onerako izango den turismoa sustatzea", bisitarien ekarpen positiboa bilatuz, baliabide naturalak eta kulturalak zaintzea barne. Hirugarrena, aurreko biekin lotuta dago eta turismo jasangarriaren alde lan egiten jarraitzea du xede, "jarduera ekonomikoari, gure kulturari, nortasunari eta ingurune naturalari eusteko sentsibilizazio-ekintzekin".

Merkatu-nitxo berriak

"Turismoko Plan Estrategikoaren eguneratzea planteatzeko orduan, argi geneukan familia turismoak Zarautzeko merkatu-helburu nagusia izaten jarraitu behar duela eta, gainera, turismo seniorra edo profesionala bezalako merkatu-nitxo berrien aldeko apustua egin behar dela", adierazi du Xabier Txurruka alkateak. "Diagnostikoa egin ondoren, dagoeneko identifikatuta ditugu datozen urteetan Zarautzen landu eta sustatu nahi dugun turismo jarduerarako ardatz izango diren ildo nagusiak".

Jaurlaritzako Turismo sailburuordea Jakes Agirrezabal eta legebiltzarrean Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Batzordeko lehendakari Itziar Murua ere Madrilgo azokan izan ziren atzo,  EAEren standaren irekieran. EH Bilduko kide den Muruak, bere aldetik,  ondorengoa nabarmen du bere sare sozialen bidez:. "Turismoa asko eragiten duen mundu mailako fenomenoa da eta honen ereduaren eraldaketa ezinbestekoa da hainbeste maite dugun lurra eta jendea zaindu nahi badugu". Era berean, gaineratu du "egiazko turismo jasangarri baten alde lanean jarraituko" dutela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide