Beñat Isasti: "Kolaborazio bat egin nahi dugu jaialdiko artista batekin"

Aritz Mutiozabal 2025ko urt. 23a, 12:00

Tiktara taldearen argazkia; aurrealdean Harkaitz Bastarrika abeslaria agertzen da eta haren atzean, Beñat Isasti. (utzitakoa)

Habanako Nazioarteko Jazz Plaza Jaialdian bi kontzertu emango ditu datorren astean Tiktara taldeak. Isasti tronpeta jotzaileak (Zarautz, 1996) ilusioz daudela azaldu du.

Urtarrilaren 26tik otsailaren 2ra Habanan egingo den Nazioarteko Jazz Plaza Jaialdian izango zarete. Nola sortu zaizue Kuban jotzeko aukera?

Kontua da taldeko abeslari Harkatz Bastarrika jaialdi horretan izan zela iaz, baina beste talde batekin, Aldapeko Basque Latin Jazz bandarekin. Bastarrikak Tiktararen CD bat eraman zuen Habanara, eta jaialdiaren antolatzaileei eman zien. Antza denez, diskoa entzun eta asko gustatu zitzaien euskaraz lantzen dugun kubatar musika; fusio hori, alegia. Orduan, haien aldetik jaialdian parte hartzeko gonbidapena jaso genuen, eta sekulako gogoa piztu zitzaigun taldekideoi.

Noiz jaso zenuten berri ona?

Uda amaieran izan zen, eta sekulakoa izan zen. Hasieran ez nuen sinesten. «Nora goazela? Kubara kontzertua ematera?». Normalean, Euskal Herrian zehar eskaintzen ditugu zuzenekoak, oso noizean behin kenduta. Jaialdiaren berri jakin nuenean egundoko ilusioa egin zidan; izan ere, guk hemen egiten dugun musika beraien herrialdean jotzea ohore bat da, estilo horretako munduko musikari onenetakoak bilduko baititu jaialdiak. Beraz, haien ondoan egon eta kontzertua ematea benetan ikaragarria izango da.

Zer esan nahi du taldearentzat bertan egoteak? Abentura bat izateaz gain, errespetua ere ematen al dizue?

Gauza askok egiten dute bat. Nik, lehenik eta behin, sekulako ilusioa dut; eskertuta nago horrelako jaialdi garrantzitsu batean egoteko aukera guri emateagatik; baina, era berean, haien musika estiloa jorratzen dugu eta horrek sorrarazten dizu nolabaiteko errespetu puntu bat. Ondo egingo dugu eta gustatuko zaie, baina kontuz!

Nolako jaialdia da? Nazioartekoa izanda, eskarmentu handiko jendearekin ariko zaretela aipatu duzu.

400 artista baino gehiago bilduko ditu Nazioarteko Jazz Plaza Jaialdiak, eta gehienbat jazz eta latin estiloetako musika nabarmenduko da. Esan bezala, genero horietan onenetakoak diren mundu osoko musikariek parte hartuko dute.

Tiktarak bi hitzordu izango ditu jaialdian.

Hala da, bai. Lehena urtarrilaren 28an izango dugu, datorren astearte arratsaldean, Teatro Mellako lorategietan, eta urtarrilaren 29an, asteazkenean, Kuba pabilioiko La Brujulan. Egun bakoitzean bina talderekin partekatuko dugu oholtza: lehenengoan, Argentinako Pablo Merletti & Trova Jazz eta Kubako Los Muñequitos de Matanzas taldeekin, eta bigarrengoan, Kubako Conjunto Palmas y Cañas eta Charanga Tipica Rubalcaba taldeekin.

Ezagutzen al dituzue aipatutako taldeak?

Egia esan, nik ez nituen ezagutzen, baina taldekideek ezagutzen zituzten. Adibidez, lehenengo egunean Los Muñequitos de Matanzas taldea ariko da, eta horiek oso famatuak omen dira Kuban. Kubatar asko bertaratuko dira, eta gu bertan izatea izugarria da, erakusleiho polita izango baita; izan ere, jende pila bat bilduko da kontzertuan. Egundokoa izango da, zalantzarik gabe!

Noiz zarete abiatzekoak? Eta zenbat egunetako egonaldia egiteko asmoa duzue?

Ostiral honetan hartuko dugu hegaldia, eta Habanan bertan finkatuko gara, El Vedado izeneko zonaldeko etxebizitza batean. Taldekide bat Kuban egon zen bizitzen, eta haren ezagun baten bitartez lortu dugu bizitokia. Jaialdia hasi eta bukatu arte egingo dugu egonaldia Habanan; jaialdia bukatzen den egunean bertan hartuko dugu itzulerako hegazkina, hain justu ere.

Kontzertuak ematera ez ezik, abentura osoa bizitzera zoazte, beraz?

Behin han egoteko aukera izanda eta zer-nolako musikariek parte hartuko duten ikusita, sekulako aukera dela iruditzen zaigu, bai haiek zuzenean entzuteko, bai haiekin harremana izateko. Halaber, haien eskarmentutik ere ikasi nahi dugu. Hori al litzateke handik etxera ekarri nahiko zenuketena? Gauzetako bat bada, bai. Horrez gain, ideia garbi batekin joango gara: hango artistaren batekin edo besterekin abesti berriren bat grabatzea nahi dugu. Kolaborazio eder bat egin nahi dugu jaialdian parte hartuko duen artista ezagun batekin, eta material hori etxera ekarri. Ondoren, Kuban edandako ideia berri horiekin abesti berriak sortu eta hango bizipenak aurrera begirako disko batean islatzea da gure asmoa.

Taldekide guztiok al zoazte?

Taldea zazpi lagunek osatzen dugu: Harkaitz Bastarrika da abeslaria, Amaia Ureta piano jotzailea, Aritz Luzuriaga baxu jotzailea, Joseba Gallardo saxo jotzailea, bateria eta perkusioa jotzen dituzte Ander Zulaikak eta Iñigo Egiak, eta ni tronpeta jotzailea naiz. Tamalez, azken orduko konpromisoak tarteko, Zulaikak eta Egiak ezingo dute gurekin bidaiatu, eta haien ordez, Joseba Gallego ariko da konga jotzen, eta Rakel Arbeloa, berriz, bateria. Bi kide berriekin gustura aritu gara entseatzen, eta dena ongi aterako da.

Kontzertu hauetarako lan gehiago egin al duzue?

Entsegu gehiago egin ditugu, baina kide berriek errepertorioa ikas zezaten. Guztiok gustura jotzeko eta bat eginda aritzeko, lan gehixeago egitea eskatu digu. Dena dela, atsegin handiz egin ditugu entseguak, esperientziak merezi duelako.

Errepertorio bereziren bat prestatu al duzue propio Habanarako?

Tiktarak hiru disko dauzka, eta argitaratutako lan guztien nahasketa bat egin dugu. Gehienbat, dantza egiteko abestiz osatutako errepertorioa landu dugu. Azken finean, gure azken diskoan badaude dantza egiteko abestiak, baina beste estilo batzuk jorratzen ditugu, eta datozen bi kontzertuetarako abesti saltseroak eta erritmodunak pilatu ditugu, Kuban jotzeko aproposagoak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide