Hezkuntza publikoko beharginek gaur dute lehen greba eguna

Julene Frantzesena 2025ko urt. 22a, 10:50

Lizardi institutua.

Sindikatuek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan hamabi greba egun deitu dituzte, eta eskualdeko ikastetxeetan izan du eragina deialdiak. Zarauzko Lizardi institutuan irakasleen %32 batu da grebara.

LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan deitutako hamabi greba egunetatik aurrena da gaurkoa. Irakasleak daude gaurko eta biharko grebara deituta, eta ikastetxeetan nabarmena izan da erantzuna.

Zarauzko Lizardi institutuan, esaterako, irakasleen %32k egin du bat greba deialdiarekin; Orokieta herri eskolak ez du datu horien berri eman. Greba dela eta, gutxieneko zerbitzuak jarri ditu Eusko Jaurlaritzak han eta hemen.

Gaurko eta biharko greba egunez gain, otsailaren 26an eta 27an ere lana uztera deituta daude irakasleak. Horiez gain, Haurreskolen Patzuergoko beharginak greba egitera deituta daude urtarrilaren 28rako eta 29rako zein otsailaren 12rako eta 13rako. Bestalde, hezkuntza alorrean sukaldean eta garbiketan aritzen diren langileak deitu dituzte grebara urtarrilaren 30erako eta 31rako nahiz otsailaren 19rako eta 20rako.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide