Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua (EHPM) lanean ari da pentsioak osatzeko sistema bat sortu nahian, 60 urtetik gorako pentsiodunei Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) pareko diru sarrerak bermatzeko. Herri Ekinaldi Legegile (HEL) bat eztabaidatu eta bozkatu nahi dute Eusko Legebiltzarrean, eta hori babesteko sinadura bilketa kanpaina jarri dute martxan, haien eskakizunak aldarrikatzen zazpi urte bete dituztenean.
Iazko urrian tramitatu zuen Legebiltzarreko mahaiak HEL hori, eta urtarrilaren 13an egin zuten agerraldia Legebiltzarrean bertan, ekinaldiaren inguruko xehetasunak emateko. Apirilaren 24a bitarte egongo da sinadura emateko aukera. Aspaldi gainditu zuten gutxieneko 10.000 sinaduraren langa, baina gehiago behar dituzte, eta haien atxikimendua emateko eskatu diete Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 18 urtetik gorako pertsona guztiei. Horretan ari dira bailarako herrietako pentsiodunen plataformak ere.
Zarauzko Pentsiodunen Mugimenduak, esaterako, udaletxe aurrean jarriko du sinadurak biltzeko mahaia, ostiraletan eta larunbatetan.
Hamahiru artikulu
Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren parekidea den pentsioen osagarri bat ezartzea proposatzen du legeak. Hamahiru artikuluz osaturiko lege proposamena da, eta artikulu garrantzitsuenak dira honakoak: aldez aurretik prestazio guztiak jaso direla egiaztatzea; Araba, Bizkai edo Gipuzkoan modu jarraituan bizitzea; pentsioren baten onuradun izatea; eta premia egoera egiaztatzea.