Zarauzko beste auzo eta kaleetako hoditeria berritu ondoren, Azken Portun kokatutako Martiñene plazaren txanda helduko da laster. Zarauzko Udalak adierazi duenez, datozen asteotan plaza horretako hoditeria aldatuko du Gipuzkoako Urak enpresa publikoak. Horrekin batera, urbanizazio lan batzuk ere egingo ditu udalak plaza horretan bertan. Izan ere, udala berrikuntza lan hauez baliatzen da ondoren auzo, kale edo plazetako urbanizazio lanak egiteko.
Lehenbizi, Martiñene plazaren bueltan kokatzen diren etxebizitza blokeei eta inguruari eragiten dioten saneamenduko eta euri urak jasotzeko erabiltzen diren hodiak berrituko dituzte. Aste honetan bertan hasiko diren lan hauek Lurkide Hondalanak SL. enpresari esleitu dizkiote eta sei asteko gauzatze epea izango dute. Behin lan horiek amaituta, plaza inguratzen duten espaloietan zoladuraren berritze lanak abiatuko dituzte.
“Gipuzkoako Urakekin daukagun hitzarmenaren barruan, asko dira urtean zehar herriko hoditeria sarea eraginkorragoa izatea lortzeko egiten diren inbertsioak”, adierazi du Iban San Martin Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak. “Martiñene plazan egiten ari diren hobekuntza lanak amaitutakoan, plaza inguratzen duten espaloi guztietan zoladura irristagaitz berria" jarriko dutela ere iragarri du zinegotzi jeltzaleak.