Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak surf munduko maila gorenean debuta egingo du. Izan ere, Johanne Defay frantziarraren baja Erostarbek beteko du urtarrilaren amaieran Hawaiin (Estatu Batuak) jokatuko den Lexus Pipe Pro txapelketan. World Championship Tour (WCT) zirkuituko probetako bat da Hawaiikoa.
Hasiera batean, WCT-tik kanpo geratu zen Erostarbe, iazko Challengers Series zirkuituan seigarren geratu eta gero, bost surlarik bakarrik izango zutelako surf munduko lehen mailan aritzeko eskubidea. Baina, Defay surflari frantziarraren bajak emango dio aukera zarauztarrari maila gorenean lehiatzeko.
Iazko denboraldi bikainaren emaitza gisa ikus daiteke Erostarberen parte hartzea WCT zirkuituan. Challengers Seriesen egindako seigarren postuari, iazko Olinpiar Jokoetan lortutako bosgarren postua eta, ondorioz, diploma olinpikoa gehitu behar zaizkie.