Izena eman daiteke Mahasti Krosean

Intza Trula 2025eko urtarrilaren 21a

Iazko Mahasti Kroseko irudia. (Jabi Gonzalez Toston)

Talai Berri txakolindegiak antolatuta, martxoaren 9an jokatuko dute lasterketa. Herrikrosa.eus webgunean eman daiteke izena.

Talai Berri txakolindegiak antolatuta, Mahasti Krosa jokatuko dute martxoaren 9an Talaimendiko parajeetan eta Talai Berriko mahastietan barrena. Dagoeneko izena eman daiteke bertan parte hartzeko, herrikrosa.eus webgunean, eta lasterketaren inguruko xehetasun guztiak ere bertan kontsulta daitezke.

Lasterketa Talai Berri txakolindegiaren aurrean hasi eta bukatuko da; guztira, 7,2 kilometro egin beharko dituzte korrikalariek. Irteera 10:30ean izango da.

Izena emateko 15 euro ordaindu beharko dira, baina lasterketaren egunean bertan egiten dutenek 18 euro ordaindu beharko dituzte –izena emateko epea lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago itxiko da–. 100 parte hartzaileetan jarri dute muga. Dortsala jasotzeko bi aukera izango dira, biak Talai Berrin: bata, hilaren 8an 17:00etatik 19:00etara, eta bestea krosaren egunean bertan, 09:30ak arte.

Sari banaketa ekitaldia 11:30ean egingo dute, eta kategoria bakoitzeko –emakumezkoen nahiz gizonezkoen mailako– lehen hiru sailkatuentzat izango dira sariak: garaileentzat txapela, Manu Urbietaren eskultura eta irabazlearen pisua adina Talai Berri txakolin botila; bigarren sailkatuentzat, Manu Urbietaren koadro bat eta sei botilako Talai Berri txakolin kaxa; eta hirugarren sailkatuentzat, Manu Urbietaren koadro bat eta hiru botilako Talai Berri txakolin kaxa. Bestalde, lasterketan parte hartzen duten guztiei Antton Olariagak diseinatutako kamiseta eta Talai Berri txakolin botila bana oparituko zaie.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide