Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteak Urola Kostako pazienteak doan artatzen ditu Zarautzen duen egoitzan. Bertan, arreta soziala eta psikologikoa eskaintzen dute, baita material ortopedikoaren mailegua edota erretzeari uzteko terapia ere. Aurten, herritarren beharrei erantzuteko asmoarekin, elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu Zarautzen urteko lehen seihilekorako. Guztira lau ekimen egingo dituzte, hala nola, minbizia duten pazienteei zuzendutako hiru zainketa tailer eta adingabeei minbiziari buruz hitz egiten ikasteko hitzaldi bat.
Lehenengo tailerra datorren astelehen emango dute, urtarrilaren 27an, eta azalaren zein azazkalen zaintzaren ingurukoa izango da. Ikastaroaren helburua da pazienteek larruazala zaintzen ikastea, besteak beste, zainketa zehatz horretarako eginak dauden kremen inguruko informazioa emanez. Ikastaroa Monte Albertiako Lanbide Heziketako Olatz Hernandez eta Maite Iturralde irakasleen gidaritzapean egingo dute, 11:00etatik 13:00etara, Monte Albertian bertan (San Inazio kalea, 25).
Zainketa estetikoa
Bigarren tailerra paziente onkologinkoentzako zainketa tailerra da, eta otsailaren 5ean egingo dute, hain zuzen. Ikastaro hori paziente onkologikoentzako zainketa estetikoen lantegia da, eta hiru gai jorratuko dituzte, hala nola ile-apainketa, makillaje orokorra eta mikropigmentazioa. Ikastaroa praktikoa nahiz teorikoa da, eta parte hartzaileek gaiaren inguruan ikasteaz gain, beren burua makillatzen eta zaintzen ikasiko dute, irakasleek eskura emandako materialarekin. Saio hau ere Olatz Hernandezek eta Maite Iturraldek zuzenduko dute, 11:00etatik 13:00etara, Monte Albertian.
Hirugarren eta azken tailerra arnasketari eta mugimenduari buruzkoa da, eta martxoaren 4tik apirilaren 8ra emango dute. Programak sei saio ditu, eta horietako bakoitzean erlaxazio gidatuak eta arnasketa kontzienteak egingo dituzte parte hartzaileek. Hainbat teknika landuko dituzte, besteak beste, arreta eragiten duten arnasketak, meditaziorako sarrera egiteko bistaratzeak, eta burua zein gorputza baretuz, arreta osoa gorputzari emateko arnasketak. Paula Lagunak zuzenduko ditu saioak, asteartero, 11:00etatik 12:00etara, Silc zentroan (Herrikobarra, 15).
Minbiziaren Aurka elkartearen azken jarduera pazienteen familiartekoei eta laguneei zuzendutako hitzaldia da. Nola hitz egin minbiziaz adingabeekin izenburupean, adingabearen adinaren eta gaitasunaren arabera berri txarrak jakinarazteko jarraibide errazak eskainiko dituzte bertan. Gainera, ohiko zalantzei buruz orientatu eta gurasoei egoera konplexuak maneiatzen lagundu diete. Hitzaldia Paula Lancao elkarteko psikologoak eskainiko du apirilaren 7an, 18:00etatik 19:30era, elkartearen Zarauzko egoitzan (Balea kalea, 2).
Jarduera guztiak doakoak dira, eta ez da beharrezkoa elkarteko bazkidea izatea horietan parte hartu ahal izateko. Izena emateko, 943-45 77 22 zenbakira deitu edota gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera mezu bat bidali daiteke.