Emakume etorkinentzako topaketa taldeak sortu dituzte

Intza Trula 2025eko urtarrilaren 20a

Marling Castillo SOS Arrazakeria elkarteko kidea, Irati Baroja Berdintasun departamentuko teknikaria eta Gloria Vazquez Berdintasun zinegotzia. (Zarauzko Udala)

Emakumeen Etxeak eta SOS Arrazakeria elkarteak lankidetzan abiatu dute ekimena, eta bereziki etxeko langileei zuzendutakoa da. Bihar elkartuko dira lehen aldiz, 16:30etik 18:30era, Emakumeen Etxean.

Emakume etorkinentzako topaketa taldeak sortu dituzte Emakumeen Etxeak eta SOS Arrazakeria elkarteak lankidetzan. Jakitera eman dutenez, asteartero elkartuko dira, bihartik hasita: 16:30etik 18:30era jarri dute hitzordua, Emakumeen Etxean bertan. Parte hartu nahi duten guztientzat ateak zabalik izango badituzte ere, bereziki etxeko langileei zuzendutako saioak izango direla zehaztu dute.

Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziaren esanetan, "Emakumeen Etxeko ateak irekitzea da helburu nagusia, atzerriko jatorriko etxeko langileak hartzeko eta haiei laguntzeko". Zinegotziak gehitu duenez, "emakume horiek, askotan, beren jatorrizko herrialdeen eta harrera-herrialdearen presio etengabeei aurre egin behar izaten diete, baita gizarte eta kultura desberdin batean integratzeko beharrari ere". Hala, ekimen honekin "emakume gehiagok Emakumeen Etxea ezagutzea espero" du Vazquezek: "Zarauzko emakume guztiei, salbuespenik gabe, eskaintzen dizkiegun baliabideak ezagutzeko balio izatea nahi dugu ".

Hori hala, Vazquezek gaineratu du "pertsona adituen laguntza jasotzeko baliabide bat" eskaini nahi dietela etorkinei, "Zarautzen duten egoera hobetzen lagundu diezaieten". Era berean, Marling Castillo SOS Arrazakeriako ordezkariak babes-sareak zabaltzearen garrantziaz hitz egin du: "SOS Arrazakeriarentzat garrantzitsua da Gipuzkoan emakume horiei laguntzeko sarea zabaltzea, haien ongizate integrala sustatuko duten topagune komunitarioak sortzeko eta finkatzeko, erakundeak beren eskubideak defendatzeko duen garrantziari buruzko babes-sareak eta kontzientzia kolektiboa sortuz".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide