Etzi itxiko dute Martxoaren 8ko Kartel Lehiaketara proposamenak aurkezteko epea. Aurten ere, Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamentuak antolatu du lehiaketa, eta lanak aurkezteko interesa dutenek asteleheneko 12:00etara arte egin dezakete.
Lanak banaka zein taldean aurkez daitezke –bakoitzak lan bakarra aurkez dezake–, eta horiek originalak eta inon argitaratu gabeak izan behar dute. Lanek Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotutakoak izan behar dute, eta ondorengo testua txertatu beharko da irudian: 2025ko martxoaren 8a – Emakumeen Nazioarteko Eguna.
Hala, parte hartu nahi dutenek oinarri guztiak honako lotura honetan edota Emakumeen Etxearen webgunean aurki ditzakete. Proposamenak, berriz, berdintasuna@zarautz.eus helbidera bidali behar dira.