Benetan kezkatzekoa da ideia erreakzionarioak hartzen ari diren pisua gazteon artean. Denok nabari dugu sare sozialetan, instituzioetan, gure kaleetan… geroz eta ideia atzerakoiagoek geroz eta leku gehiago dutela. Normalizatzen ari dira pixkanaka, batez ere, arrazakeria eta matxismoaren forma hartuz.
Zarautzen ere nabaritzen ari gara hau.
Duela hilabete, kaleetatik pegatina nazi asko kendu behar izan genituen, adibidez, eta Iturriotz bidean ere duela hilabete batzuk “etorkinak kanpora” zioten pintada ugari agertu ziren, lauburua ondoan jarrita. Kaleko faxistek hemen ez dute indarrik oraindik, baina zuzenean aurre egin ezean, hartu dezakete, defendatzen dituzten ideiak gero eta normalizatuagoak daudelako. Sare sozialek hemengo gazteenen artean duten eragina ere nabaria da: nahikoa da Zarauzko ikastetxetan mutil gazteen artean indarkeria matxistaz nola hitz egiten den entzutea, edota etorkinen aurkako diskurtsoek duten normaltasunaz jabetzea. Ideien normalizazioarekin batera, talde faxista antolatuek ere gero eta normaltasun handiagoarekin egiten dute propaganda leku askotan.
Hau, noski, ez da hemengo kontua bakarrik, Europa osoan ematen ari den prozesua da. Ultraeskuineko alderdiak ere, Europa osoan gero eta indar handiagoa ari dira hartzen. Gerra gero eta gertuago dugu, bizitza gero eta garestiagoa da, oinarrizko beharrak asetzeko zerbitzuak gero eta kaskarragoak… Krisian gaude, eta hori faxistentzat testuinguru perfektua da gorrotoa zabaltzeko: pobreenei eta zapalduenei miseriaren errua botatzeko. Horiek dira gure ustez erreakzioaren hiru aurpegiak: kaleko talde faxista antolatuak (biolentzia eta gorrotoa kaleetara eramaten dutenak, proletalgoaren aurka), instituzioetako alderdi faxistak (estatuaren esku-gogorra ezarri nahi dutenak) eta azkenik, sare sozialen eta hedabideen bitartez diskurtso arrazista, matxista, anti-LGTB eta orokorrean proletalgoa kriminalizatu eta faxisten zabalpenerako testuingurua sortzen dabiltzanak.
Esan bezala, Euskal Herrian eta Zarautzen ere ari gara ideia horien gorakada nabaritzen, eta horregatik, hemen ere horien kontra jardungo dugu manifestaziora dei egiten. Ideia arrazisten eta matxisten aurka dagoen oro manifestazio honetara joan eta ideia horiei muga bat jartzeko pauso bat izatea nahi dugu. Lortu nahi duguna hori da, ideia erreakzionarioak gazteen artean desnormalizatzea.
Amaitzeko, hilaren 25ean bertan autobusak aterako dira Zarauztik Bilbora joateko: tiketak Barren plazako Orbela tabernan daude eskuragarri, 7 eurotara. Autobusa 16:00etan aterako da, Sanz Eneako geltokitik.