Ainitze Zumeta eta Martin Sorreluz, urteko kirolari onenak

Aritz Mutiozabal 2025eko urtarrilaren 16a

Ainitze Zumeta Urtezahar egunean, Asteasun. (Ibon Errazu)

Emakumea Surflari eta Amenabar Zarautz aitortu dituzte taldeka, eta Kirola Bizi saria Jose Manuel Martinez Garma triatletari emango diote. Kirol Gala ekitaldia urtarrilaren 29an izango da, 19:00etan, Modelon.

Ohi bezala, Zarauzko Udalak azkeneko urtean nabarmendu diren kirolari eta kirol taldeei aitortza egingo die, baita artez edo moldez kirola sustatzen duten eragileei ere, nola hala babesle, entrenatzaile eta ordezkariei. Hilabete bukaeran ospatuko dute sari banaketa ekitaldia Modelo aretoan; urtarrilaren 29an izango da, asteazkenarekin, 19:00etatik aurrera.

2024ko kirolari onenaren sariak Ainitze Zumetak harri-jasotzaileak eta Martin Sorreluz errugbi jokalariak jasoko dituzte. Zumetak urte borobila osatu du, eta hainbat lorpenen artean, Euskal Herriko Harri-jasotze Txapelketa irabazi du. Sorreluzek ere denboraldi bikaina egin du Zarauzko Rugby Taldean, eta Espainiako selekzioarekin U20 Munduko Txapelketa irabazi du Kenian; Ohorezko Mailako Burgos taldean dabil egun.

Kirol talde azpimarragarrien artean, Emakumea Surflari eta Amenabar Zarautz eskubaloi taldea goratuko dituzte aurten. Emakumea Surflarik urteak daramatza emakumeen artean ahalduntze feministan oinarritutako prozesuak sustatzen, bereziki, surf, bodyboard, eta stand up paddle bezalako jardueren bidez. Zarauzko gizonezkoetan eskubaloiko lehen taldea dagokionez,  igoera fasea jokatu eta irabazi zuen herrian, eta orain Ohorezko Zilar Mailan ari da lehiatzen.

ZKEren Squash ataleko Raul Parmo hautatu du entrenatzaile onena bezala. 2009an hasi zen klubeko prestatzaile lanetan, eta Zarauzko ikastetxeetako zein kantxara bertaratzen den gazte asko entrenatzen aritu da. Babeslearen saria, berriz, Graficas Juaristik jasoko du, izan ere, herriko hainbat talde lagundu baititu, besteak beste, ZKEko saskibaloiko eta errugbi taldeak.

Bestalde, bada sari berezi bat, urtero-urtero ematen dutena, eta hori Kirola Bizi da. Izenak dioen moduan, bizitza osoa kirola eskaini dioten herritarrek jasotzen dute aitortza hori, eta oraingoan Jose Manuel Martinez Garmak jasoko du. Zarauzko Triatloi Elkarteko kidea da, eta triatloia, igeriketa, korrika edota distantzia luzeko lasterketak eginez, kirolarengandik gertu dabil beti Zarauzko Triatloi elkarteko kirolaria.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide