Garagardo Azoka iragarriko duen kartela aukeratzeko lehiaketa jarri du martxan Zarautz Rugby Taldeak

Juan Luis Romatet 2025eko urtarrilaren 18a

Iazko Garagardo azokaren irekiera. (Maialen Etxaniz)

Apirilaren 16tik 21era bitartean egingo dute aurtengo azoka, ohikoa den bezala, Munoa plazan. Lanak otsailaren 20a bitartean aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek. 

Aste Santuarekin batera, Garagardo azoka antolatuko du aurten ere Zarauzko Rugby taldeak. Apirilaren 16tik 21era bitartean dastatu ahal izango dira mota eta etxe desberdinetako garagardoak Munoa plazan.

Azoka iragarriko duen kartela aukeratzeko lehiaketa jarri dute martxan antolatzaileek. Irudi hori kartel, esku programa, webgune eta sare sozialetan erabiliko dutela iragarri dute antolatzaileek. 

Lehiaketara 18 urtetik gorako edozein lagun aurkeztu ahal izango da, gehienez, bi lanekin. Estiloa eta teknika libreak izango dira. Hori bai, ezingo dute adimen artifizialik erabili kartelak egiteko. Lanen neurria DinA3 tamainakoa izango da, eta formatu digitalean eta paperean aurkeztu beharko dituzte.

Aurkeztutako irudiak honako leloa eraman beharko dute: "Zarauzko XXII. Garagardo Azoka 2025. Apirilaren 16tik – Apirilaren 21era. Munoa plazan. Eguerdiko 12:00etatik gaueko 01:00etara".

Azokan zerbitzatuko dituzten garagardo etxeen logoak ere itsatsi beharko dituzte karteletan. Logo horiek hemen eskuratu daitezke. Logotipoak jasotzeko beste era bat info@zarautzrugby.com helbidera idaztea izango litzateke. Horretarako, diseinatzaileak bost zentimetroko tartean utzi beharko du orriaren behealdean logoak jartzeko. 

Sari bakarra

Lanak Zarauzko kirol elkarteko bulegoan aurkeztu beharko dituzte otsailaren 20a baino lehen. Irudiek egilea nor den adieraz dezakeen inolako daturik ezingo dute izan. Kartel proposamenekin batera, kartazal itxi batean, parte hartzailearen datu pertsonalak eta NAren fotokopia emango dira. 

Sari bakarra emango dute, 300 eurokoa, eta Rugby taldeko, Heineken etxeak aurkeztutaoko kideek eta arte eta diseinuan adituak diren pertsonek osatuko dute epaimahaia. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide