Berdinketa batekin abiatu du denboraldia ZKEren bigarren mailako xake taldeak. Izan ere, aurten ere bi talde atera ditu klubak; bata lehenengo mailan eta bestea bigarrenean. Hala, lehen mailakoek atsedenaldia izan dute pasa den asteburuan, eta bigarren mailakoek berdinketa eskuratu dute.
Txaturanga taldearen aurka jokatu zuten denboraldiko lehen jardunaldia, eta 2-2ko emaitzarekin itzuli ziren etxera. Lehen mahaian Iñaki Altzibar aritu zen. Partida zaila izan zuen hasieratik, eta hiru orduren ondoren, amore eman behar izan zuen. Bigarren mahaian Iñaki Buruntzak jokatu zuen. Bi peoi gutxiagorekin iritsi zen amaierara, baina azkenean lortu zuen partida berdinketa batean amaitzea. Hirugarrenean Jon Altzibarrek jokatu zuen. Partida hasieran akats bat edo beste egin bazuen ere, berdintzea lortu zuen. Azken mahaian Aitor Altzibarrek jokatu zuen, eta hasiera arraroa izan arren, oso ongi moldatu zen erdi-jokoan, eta neurketa irabazi zuen.
Datorren jardunaldia etxean jokatuko dute bi taldeek. Larunbatean izango da, Musika Plazako egoitzan, 16:00etatik aurrera.